Javier Aizpurua: "Urtea amaitu baino lehen Koronabirusaren aurkako txertoa osasun sistemara igarotzea posible da"

Javier Aizpurua: "Urtea amaitu baino lehen Koronabirusaren aurkako txertoa osasun sistemara igarotzea posible da" 2020 urtea osasungintzaren urtea izango da, baina baita zientziarena ere. Ikerketa zientifiko bateratua eta indartsua ezinbestekoa dela ikusi dugu guztioi eragin digun pandemia mundial honi azkar eta modu eraginkorrean aurre egiteko. Aurten birus batek mehatxatu du gure bizirautea, baina datorren urtean bestelakoa izan daiteke mehatxu hori; Klima Aldaketa, kutsadura, ozeanoen aldaketak... eta CSIC-en erronka horiei aurre egiteko prest daudela kontatu digu Javier Aizpuruak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/javier-aizpurua-urtea-amaitu-baino-lehen-koronabirusaren-aurkako-txertoa-osasun-sistemara-igarotzea-posible-da/@@download/image/Javier Aizpurua_Creativium.jpg
2020/06/11
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

2020 urtea osasungintzaren urtea izango da, baina baita zientziarena ere. Ikerketa zientifiko bateratua eta indartsua ezinbestekoa dela ikusi dugu guztioi eragin digun pandemia mundial honi azkar eta modu eraginkorrean aurre egiteko. Aurten birus batek mehatxatu du gure bizirautea, baina datorren urtean bestelakoa izan daiteke mehatxu hori; Klima Aldaketa, kutsadura, ozeanoen aldaketak... eta CSIC-en erronka horiei aurre egiteko prest daudela kontatu digu Javier Aizpuruak.
Javier Aizpurua: "Urtea amaitu baino lehen Koronabirusaren aurkako txertoa osasun sistemara igarotzea posible da"

Javier Aizpurua Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) ikerketa irakaslea da Donostiako Materialen Fisika Zentroan, zentro mistoan (CSIC-EHU), eta "Nanofotonikaren Teoria" taldeko arduraduna da bertan. Aizpuruak nanoeskalan argiaren eta materiaren arteko elkarreragina aztertzen du, eta horrekin batera, EAEko CSIC-en bi zentroak koordinatzen ditu, Donostiakoa eta Leioakoa; hain zuzen, Leioan EHU-rekin batera koordinatutako biofisika institutua dago, eta egunotan, buru-belarri dabiltza aurtengo erronka handienari aurre egiteko: koronabirusa. 

Nola iritsi zitzaizuen CSIC-en pandemia honen albistea? Halakorik espero zenuten?

Ez, inork ez du aurreikusi hau gertatuko zenik, ez zientzialariek, ez politiko edota ekonomialariek... denoi harrapatu gaitu sorpresaz egoera honek. Urtarrila-otsaila partean aipatzen zen birus bat bazegoela, baina bakarrik Txinan, eta alde zientifikotik behintzat ez genuen informazio gehiagorik jaso. Talka osoa martxoan heldu zen, eta CSIC-en denborarik galdu gabe jarri ginen lanean gizartearen behar berri horiei ahalik eta azkarren erantzuteko. Zentzu horretan, harrigarria izan da lan erritmoaren abiadura;  hilabete gutxi hauetan, administratiboki eta logistikoki guztiz moldatu gara krisi honi erantzuna emateko. Datu batzuk emango dizkizut: CSIC-ek
koronabirusari buruzko proiektuak garatzeko hiru hilabete hauetan 30 milioi euro bideratu ditu (barruko aurrekontutik). Horietatik 10 milioi donazioetatik iritsi dira; izugarria izan da jendearen erantzuna.

Eta pandemia egoera hau horren berria izanda, nondik hasi dira zientzialariak birusari aurre egiteko borrokan?

CSIC-ek 120 zentro ditu Espainia mailan, eta  horietatik %60 dira mistoak, hau da, unibertsitateekin lotuta daude. Aipatu bezala, Donostian gune bat dugu, Leioan beste bat eta Iruñean ere bada beste ikerketa zentro bat. Denok ez ditugu ikerketa berak egiten, noski, gurean adibidez nanoeskalan argiaren eta materiaren arteko elkarreragina aztertzen dugu, baina oso koordinatuta gaude, eta horregatik, pandemia iritsi zenean koronabirusari zuzendutako ikerketak lehenetsi genituen, ekipo horiei espazioa emanez eta gainerakoak telelanean jarraituz. Gauzak horrela, ia 200 ikerketa talde (2-3-10 ikerlari talde bakoitzeko) birusen arlo guztiak aztertzen ari dira oraintxe bertan CSIC-en. Txertoa da lehentasun handienetakoa, baina ez bakarra; horrekin batera, gaixotasuna sendatzeko terapiak, prebentzioa, zabalkuntzaren zergatia, epidemia, gizarteari igorritako komunikazioa... birusaren fronte guztiak aztertzeko ikerketa taldeak antolatu dira.

Albisteetan txertoaz etengabe hitz egiten dute; zein da egoera?

Detaile tekniko gehiegi ez ditudan arren, jakin ez dagoela txertoa egiteko modu bakarra. Adibidez, badago SARS-CoV-2-aren aurkako txerto bat infekziosoak ez diren errepliketan oinarrituta; esan dezakegu txerto honek gen "txarrak" identifikatu eta horiek kentzen dituela. Beste txerto batek birus baten DNA ahula txertatzen du sistema immunologikoan erantzun bat eragiteko. Badira ere txerto sintetikoak, nahieran diseinatu daitezkeenak... txerto bat sortzeko bost edo sei modu daude, eta denak hari dira horretan, Txinan, AEBetan, Europan... CSIC-en ere hiru edo lau txerto mota garatzen dabiltza.  

Eta zein puntutan daude txerto horiek?

Txertoak prest daude fase kliniko batean, baina txertoa laborategi batean prest egon daitekeen arren, hilabeteak behar dira txerto hori sistema sanitariora pasa eta gizarteratzeko. Dena den, urtea amaitu baino lehen koronabirusaren aurkako txertoa osasun sistemara igarotzea posible da, eta aurreratu nahi ez dudan arren, datorren urteko otsaila ingururako txertoa sistematizatua egotea litzateke egokiena, mutaziorik ez bada gertatzen behintzat.

Txertoaz gain, sendagaiak garatzen ere bazabiltzate, ezta?

Bai, txertoa prebentzioaren parte garrantzitsua dira, hau da, gaixotasuna ez zabaltzeko balio dute, baina garrantzitsua da ere gaixoak tratatzeko bideak topatzea; adibidez, badakigu koronabirusak sistema immunologikoaren gainerreakzioa eragiten duela, inflamazio brutala sortzen duela eta horiek dira UCIn amaitzen duten gaixoak; haiei farmako antiimmunologikoak ematea litzateke sendabidea. 

Krisi honek martxoan egin zuen eztanda; zer dakigu orain koronabirusaz? Bigarren olatua gertatu daiteke?

Zientzialarien artean kontraesanak daude bigarren olatu edo berragertze posiblearen inguruan. CSIC-en ere, ez dira denak ados jarri; dirudienez, udan transmisio bideak zailagoak izango dira birusarentzat, eta beraz, 2. olatu hori ahulagoa izan daiteke. Dena den, martxoan geundenean berdina esaten genuen, beraz ez dago ziur egoteko modurik... hemen kontua da 2 eszenatokiak aurreikusi ditugula oraingoan, eta badugula esperientzia aurretik ez bezala. Txertoa ere bidean dago, eta beraz, ziurrenik ez da horren latza izango.

Krisi honek agerian utzi du, osasungintzarekin batera, zientziaren eta ikerketaren garrantzia; uste duzu hemendik aurrera nazioartean era bateratuan egingo dela lan halako ezbeharrei azkar erantzuteko?

Hala da, krisi honek zientzia bera oso inportantea dela erakutsi digu. Ikerketa zientifikoa bultzatuko duen sistema politiko sendo bat ezinbestekoa dugu halako egoerei aurre egiteko. Azken finean, zientzialariok ezin dugu etorkizuna asmatu, baina etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko prestatu gaitezke, eta horretarako, ezinbestekoa da zienzia sistema sendo eta saretua izatea. Baliabide egokiak esku artean izanda, hurrengo krisiari aurre egiteko moduan egongo gara, dena delakoa; birus bat, Klima Aldaketa, ozeanoen aldaketak, kutsadura... Beharbada hor egon da orain arteko akatsa; zientzia hobeto bizi gaitezen erabili dugu, garapen teknologikoak lehenetsiz, eta ez horrenbeste biziraupena bermatzeko. 

Orduan, etorkizuneko erronkak biziraupena bermatzera begira egongo dira?

Krisi honekin, azkar lan egin badugu ere, orain arte larrialdirako konponbide bila ibili gara, hodi bateko zuloak tapatzen ari bagina bezala. Hemendik aurrera baina, beharrezkoa izango da prebentzio sistemak garatzea. CSIC-en eszenatoki guztiei aurre egiteko plataformak ditugu martxan: Teknologia kunatikoak, Blue brain, COVID-19, izurrite kontrolak, erradiazioaren atzematea... ia-ia 36 plataforma daude guztira. Etorkizunean gertatu daitezkeen egoera horiei erantzun bat emateko prest izatea da esku artean dugun erronka, eta CSIC-en dagoeneko lanean ari gara ahalik eta prestatuen egoteko.