Jason Biggs: Kanpai-jole gozoena

Jason Biggs: Kanpai-jole gozoena https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jason Biggs: Kanpai-jole gozoena
Ez luke sagar-tartarekin larrutan egin zuen mutila bezala oroitua izan nahi. Hori du beldurrik handiena, ordea. "American Pie" filma egin zuenetik —kanpaijole leloa erantsi ziotenetik, alegia— ospearen zama pisutsuegi egin baitzaio Jason Biggs gizajoari. Duela ez asko Santa Monicako jatetxe batean izandako pasadizo desatseginak ezinhobe islatzen du mutilaren amesgaiztoa. Neska-lagunarekin afaltzen ari zela, ero moduan hurbildu zitzaion neska-nerabe bat mahaira, eta "zure sagar-tarta izan nahi dut" oihu egin zion gartsuki, Jason atsegina ahoa bete hortz utzita. Zorionez, pazientzia handiko neska-laguna du mutilak.
Sagar-tartarekin jolas lizunetan hasi aurretik,  Jason Biggs gazteak ibilbide luzea egin zuen interpretazioaren munduan. Haurra besterik ez zela, hainbat telebista iragarkitan parte hartu zuen. Nerabezaroan, Broadway liluragarrian sartu-irten labur bat egin ondoren, telebistan hasi zen lanean. "Drexell's Class" telesailean, hain zuzen ere. Ez zuen zorte handiegirik izan, baina. Hasi eta gutxira, porrot egin baitzuen telesailak. Dena dela, mutilak ez zuen ahaleginean etsi. Hala, arrakastaren laztana ezagutu zuen "As the World Turns" telesailarekin. Emmy saria ere bereganatzeko zorian izan zen, aipatu telesailan egindako lan apartarengatik.
Baina, egia esan, "American Pie" trilogiak bihurtu du zinema izar Jason Biggs. Gai gris gutxiko gazte-nerabe krispeta-jaleak txoratzen dituen zinema kerratu horrexek. Azkenaldian, ordea, neskato silikonatsuen atzetik ibiltzeaz aspertu zaigula dirudi. Benetako zinema egiteko gogoa piztu zaiola, nonbait. "Prozac Nation" independentea filmatu ondoren, Woody Allen maisuaren esanetara lan egin baitzuen iaz "Anything Else" finean. Kevin Smith bitxiaren "Jersey Girl" filmean ere ikusteko aukera izango dugu aurki. Broadway aldean, bestalde, arrakasta erdietsi du "The Graduate" antzezlanean; Kathleen Turner bera ere seduzituz. Onanismo kontuak utzita, zinemarik onenaren kanpaiak jo nahi ditu orain Jason Biggs gazteak.
Nortasun agiria.
Izena: Jason M. Biggs
Jaioteguna: 1978-V-12
Jaiolekua: Pompton Plains/New Jersey (AEB)
Erlijioa: Judua
Bikotekidea: Betiko neska-laguna
Esaldia: "Koldarra naiz, eta harro nago"
Aktorerik gustukoenak: Tom Hanks, Robert De Niro eta Robin Williams
Emakumezko aktore bat: Alyson Hannigan
Filmik kuttunena: "The Jerk" (Carl Reiner)
Bizioa: Kirola
Maite du: Jendeari irria lapurtzea
Gorroto du: Sailkatua izatea
Zaletasunak: Snowboard-a eta mendiko txirrindularitza