'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' liburuxka argitaratu du Elhuyarrek

'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' liburuxka argitaratu du Elhuyarrek Irakasleei ingurumenarekiko arduraren inguruko zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzea da liburuxkaren helburua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jasangarritasunerako-ikerketak-gazteak-inspiratzeko-liburuxka-argitaratu-du-elhuyarrek/@@download/image/Elhuyar_Azala_Portada.png
2023/11/07
Irakasleei ingurumenarekiko arduraren inguruko zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzea da liburuxkaren helburua.
'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' liburuxka argitaratu du Elhuyarrek

Elhuyarrek Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko liburuxka kaleratu du, gazteek jasangarritasuna ikasgelan landu dezaten. Liburuxkan ingurumenaren ardurarekin lotutako zenbait proiektu eta hausnarketa ageri dira irakasleentzat. Elhuyarrek azaldu duenez, "hezkuntza-komunitatea inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak eskaini nahi ditu": "Gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko dute ingurumen-larrialdiari aurre egiteko. Horregatik, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima-larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta".

Liburuxka azalpen-testuez eta Pernan Goñiren ilustrazioez osatuta dago, eta bi atal nagusi ditu: lehenengoan, jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko hogei ideia gako azaltzen dira; bigarrenean, berriz, jasangarritasuna lantzeko ikertzaileek proposatutako hogei proiektu daude. Proiektuen bidez, honako galderei erantzun behar diete ikasleek: Auto jakin batean 100 km egiteko behar den energiarekin, zenbat ogi egin daitezke? Nondik galtzen du energia gure ikastetxeak? Jasangarria da soinean jantzita daukaguna? Zer plastiko-motak kutsatzen dituzte hondartzak?...

Liburuxka hemen deskarga daiteke. Datozen hilabeteetan liburuxkaren edukia zabalduko dutela aurreratu du Elhuyarrek. Pernan Goñik ilustratutako komiki-zintak argitaratuko dituzte Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko hezkuntza atalean (zientzia.eus/steam). Gainera, proiektuan parte hartu duten adituei egindako elkarrizketak argitaratuko dira, "haien ikerketa-proiektuak ezagutzeko eta gazteentzat egindako proiektu-proposamenen inguruan sakontzeko".

Elhuyarren “2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuaren emaitza da liburuxka. Proiektu honetan adituen arteko topaketak antolatu ditu Elhuyarrek, jasangarritasunaz, ingurumen-larrialdiaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko. Hain zuzen ere, topaketetan egindako hausnarketa eta lanketen ondorioz sortutako edukiak bilduta osatu dute liburuxka.