JARRAI DEZAGUN OINEZ

JARRAI DEZAGUN OINEZ Bukatu da aurtengo Korrika, baina oraindik Maialen Lujanbioren hitzek eragindako emozioa gainetik kendu ezinda nabil edota Korrikaren furgoneta urrutitik gerturatzen dabilela entzutean sentitzen den barne zirrara horrek eragiten duen irribarrea apaldu nahirik; berriz ere egunerokoak exijitzen duen seriotasunera bueltatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jarrai-dezagun-oinez/@@download/image/mugika-lujanbio.jpg
2019/04/15

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei / Ane Urrutikoetxea @aneurruti
                     

Bukatu da aurtengo Korrika, baina oraindik Maialen Lujanbioren hitzek eragindako emozioa gainetik kendu ezinda nabil edota Korrikaren furgoneta urrutitik gerturatzen dabilela entzutean sentitzen den barne zirrara horrek eragiten duen irribarrea apaldu nahirik; berriz ere egunerokoak exijitzen duen seriotasunera bueltatzeko.
JARRAI DEZAGUN OINEZ

Topikoetan ez erortzea ezinezkoa da Korrika aipatzerakoan, baina kasu honetan merezi du horiek aipatzeak. Nola mugitzen duen herri oso bat, nola ikus daitezkeen belaunaldi ezberdinak testigua elkarri pasatzen irribarre ezin zabalagoekin... finean, euskaraz gain zoriontasuna zabaltzen baitu kilometroz kilometro Korrikak. Herri bat garela berresten digu eta bizirik gaudela, mugimendu etengabean, irudi gogoangarriak utziz pasa den txoko guztietatik: Adinean zaharrak izan arren Korrika nekerik gabe bizi dutenak, Luzaideko dantza tradizionala gauaren ilunean dantzatuz kilometroak egin dituztenak, errefuxiatuak, kolore guztietako politikariak... baita ertzaintza bera ere! Denak helburu berberarekin: euskara hauspotzea. Batzuk sinestarazi nahi digute herri honetan ezberdintzeko eta bandoak egiteko joera dagoela, Korrikak erakusten du ordea, euskara ardatz harturik, herri honek zein ederki barneratzen dituen bere baitan munduak izan dezakeen aniztasun guztia. Horregatik da hain beharrezkoa eta hain ederra.

Astebetez bada ere, herri oso bat, literalki, gau eta egun mugimenduan egon da mezu argi bat helaraziz entzun nahi duen orori: euskaraz bizi nahi dugu. Badirudi,  astebete honetan bederen, denak ados daudela mezu horrekin, baina hemendik aurrera zer? Hainbeste maite gaituzte Korrika gabiltzala. Zergatik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzala zioen Lujanbiok atzo. Oinez egunero testigua pasatzea da hemendik aurrera guztion egitekoa, euskara bihotzean bezain beste ahoan edukitzea. Horrez gain, ederki legoke, Korrikak helarazten dituen elkartasun, errespetu, duintasun eta auzolana ere gogoan edukiko bagenitu. Euskaldunok batzuetan bestelakoak baikara, baina besteak bezalakoak aldi berean. Guztiok baikara ezberdintasunean berdin eta hain zuzen, askok uste dutenaren aurka, aberastasun horrek elkartu eta hobetzen gaitu, bai korrika edota oinez. Euskaldunok argi dugu hori, besteei hori helaraztea da hemendik aurrera gure egiteakoa, beti ere euskara ahoan.

KORRIKA 2019-DATUAK

KILOMETROAK: 2.500

EGUNAK: 11

EDIZIOA: 21

DATA: 2019ko apirilaren 4tik 14ra.

LEHEN EDIZIOA: 1980

ANTOLATZAILEA: AEK

LEKUKOAREN IRAKURLEA: Maialen Lujanbio (irakurri PDFn)

HASIERA: Gares

AMAIERA: Gasteiz

 

KORRIKA MUNDUAN:

- Rapa Nui (Txile)

- Txinako harresia

- Mexiko hiria

- San Frantzisko (AEB)

- Sydney

- Boise (AEB)

- Buenos Aires

- La Plata

- Medellin

- Peru

- Montreal

- Washington

- Santiago

- New York

- Necochea (Argntina)

- Valparaiso (Txile)

- Shangai

- Madril

- Bartzelona