Japonian "gizakientzako hozkailuak" sortu dituzte, bero jasangaitzari aurre egiteko

Japonian "gizakientzako hozkailuak" sortu dituzte, bero jasangaitzari aurre egiteko Batez ere enpresek erosi eta tenperatura altuetan lanean aritzen diren langileek erabiltzeko asmoz merkaturatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/japonian-gizakientzako-hozkailuak-sortu-dituzte-bero-jasangaitzari-aurre-egiteko/@@download/image/trusco-human-fridge_dezeen_2364_col_1.jpg
2026/08/28

Testua: Maitane Legarreta

Batez ere enpresek erosi eta tenperatura altuetan lanean aritzen diren langileek erabiltzeko asmoz merkaturatu dute.
Japonian "gizakientzako hozkailuak" sortu dituzte, bero jasangaitzari aurre egiteko

Munduko toki askotan tenperaturak goraka ari dira, batez ere uda partean, eta gero eta nekezagoa da beroa jasatea. Hori dela eta, hozte-sistemen hornikuntzan aritzen den Japoniako SDRS enpresak "gizakientzako hozkailua" sortu du. Hozkailuak Do Hiemon Box du izena eta gizakiak bertan eser daitezke haien gorputzaren tenperatura jaiste aldera. 

Hozkailua altzairuzkoa da eta aurreko partetik kanpoaldea ikus daiteke barruan eserita zaudela. Bi metroko luzera du altueran, 93 zentimetroko zabalera, eta 1,2 metroko sakonera. 239 kilo pisatzen ditu. 

Hozkailu gisara izendatu arren, ez du etxeko hozkailuak bezala funtzionatzen. Gutxi gorabehera 15 graduko tenperatura mantentzen du barnealdean, kanpoko tenperatura dena delarik ere. Atzeko partean, goialdean, kokatutako haizagailuak bost bat gradutako airea botatzen du buru, lepo eta sorbalda aldera, eta horrek berehalako arindua sentiarazten dio barrura sartzen denari. Enpresaren arabera, hamar bat minutuan barruan egonik, gorputz osoan nabaritzen da freskotasun handiagoa. Gehiegi ez hozteko eta barrutik kanpora irteterakoan kontraste-kolpe handia ez izateko, 20 minutuko tenporizadorea ere badu, automatikoki itzaldu ahal izateko.

Une oro korronte elektrikora konektatuta izan behar da kabina. SDRSek adierazi duenez, aire girotu sistemak behar duena baino elektrizitate erdia kontsumitzen du. 

Fabriketan, biltegietan, eraikuntzako obretan eta aire libreko ekitaldietan erabiltzeko prestatu dute. Konoe enpresak bere biltegietan jarri du langileek erabil dezaten, eta Maebashiko udaletxean ere jarri omen dituzte bertako hiritarrentzat. 

Dena den, ez da edonork erosteko modukoa ere. Unitate bakoitzak 1,5 milioi yen -8.230 euro inguru- balio ditu, zergak kontuan izan gabe.