Japoniako kultura eta komikigintza izango da Nafarroako Komiki Azokan

Japoniako kultura eta komikigintza izango da Nafarroako Komiki Azokan Egile nafarrek parte-hartze handia izango dute eta 'Zart!' komiki kolektiboa argitaratuko dute laugarren aldiz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/japoniako-kultura-eta-komikigintza-izango-da-nafarroako-komiki-azokan/@@download/image/JaponiaNaf.jpg
2022/08/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egile nafarrek parte-hartze handia izango dute eta 'Zart!' komiki kolektiboa argitaratuko dute laugarren aldiz.
Japoniako kultura eta komikigintza izango da Nafarroako Komiki Azokan

Irailaren 2tik urriaren 2ra antolatuko dute XIII. Nafarroako Komiki Azoka, Iruñean, Lizarran eta Azagran. Aurtengo berrikuntza Japoniako kulturaren eta komikigintzaren inguruko jarduerak izango dira.

Hiru erakusketa nagusi egingo dituzte Japoniako komikigintzaren bilakaera eta autore esanguratsuenak ezagutzeko. Horietako batean, Katsuhiro Otomori omenduko dute, Akira manga komikiaren berrogeigarren urteurreunean. Nafarroako Arte eta Diseinu Eskolako kideek prestatu dute erakusketa eta bertako hamahiru ikasleren sorkuntzak egongo dira ikusgai.

Bestetik, Odaiba argitaletxe nafarrak urteotan plazaratutako komikien lagina ere izango da, Japoniatik datorren komikagintza mota baita euren espezialitatea. Azkenik, shunga estiloa lantzen duen Mone Sakihara ilustratzaile japoniarraren erakusketa ere paratuko dute.

Nafarroako artistek ere izango dute lekua komiki azokan, noski. Kike Infamek eta Mikel Begoñak Euskal Herriko komikigintzaren ibilbidearen errepasoa prestatu dute, Nafarroan euskaraz sortutako obren bidez. Azalak izango du izena erakusketak eta Lizarran ipiniko dute. Patxi Huarte Zaldieroa-k aldizkari eta egunkarietan plazaratutako binetak ere bilduko dituzte erakusketa batean. 

Horiez gain, Javier Minak eta Pedro Osesek 1980ko hamarkadan euskeraz egindako komikiak berrargitaratuko dituzte, Non gogoa izenburupean. Secuestro en las Bárdenas komikia ere omenduko dute, 30.urteurrenean.

Komiki azokaren hamahirugarren edizioaren kartela Anabel Colazok egin du eta, horren aitzakian, bere azken hiru lanetako marrazkiekin osatutako erakusketa jarriko dute Iruñeko Civivox aretoan. Gainera, egilea bera Nafarroako hiriburuan izango da irailaren 8an, irakurleekin hartu-emana izan eta autografoak sinatzeko.