Japoniako hondamendi naturala iragartzen duen komiki mangak oporren erreserbak bertan behera uztea eragin du

Japoniako hondamendi naturala iragartzen duen komiki mangak oporren erreserbak bertan behera uztea eragin du Uztailean tsunami handi bat izango ote den usteak izua eragin du bidaiariengan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/japoniako-hondamendi-naturala-iragartzen-duen-komiki-mangak-oporren-erreserbak-bertan-behera-uztea-eragin-du/@@download/image/Gr4R3PgWAAA_Kng.jpeg
2025/06/12

Testua: Maitane Legarreta

Uztailean tsunami handi bat izango ote den usteak izua eragin du bidaiariengan.
Japoniako hondamendi naturala iragartzen duen komiki mangak oporren erreserbak bertan behera uztea eragin du

Ryo Tatsuki manga artistak The Future I Saw kokimia kaleratu zuen 1999an, eta bertan Japonian, Tohokun, izandako 2011ko lurrikara iragarri zuen. 2021ean liburuaren azken edizioa argitaratu zuen eta aurtengo udan beste lurrikara handi bat izango dela aurreikusi zuen. 

Tatsukik komikian adierazitakoaren arabera, arrakala zabalduko da Japonia eta Filipinen arteko itsas hondoaren azpian, eta horrek tsunami handi bat eragingo du. Tohokuko lurrikarakoak baino hiru aldiz altuagoak diren olatuak sortuko lirateke.

Iragarpen honek sareetan izandako zabalkundeak izua sortu du batzuengan, eta oporretarako erreserbak bertan behera uzten ari dira. Hong Kong-eko bidaia-agentzia batek azaldu duenez, Japoniako erreserbak erdira jaitsi ziren Aste Santuan, eta udako beherakada are nabarmenagoa izango dela uste dute. 

Txina kontinentaleko eta Hong Kongeko bidaiariengan beldurra sortu du iragarpenak, eta horrek Japoniako turismoan eragin nabarmena izan lezake, turisten jatorriari erreparatuz gero, bigarren eta laugarren iturri nagusiak baitira. Thailandiara eta Vietnamera ere zabaldu da alarma. 

Tatsuki berari galdetu diote bidaiak bertan behera uztearen joeraren inguruan, eta bere lanarekiko interesak hondamendietarako prestatuago egotea eragin izana "positiboa" dela pentsatu arren, bere ametsei jaramon handiegirik ez egiteko eta "adituen iritzietan oinarrituta, egoki jokatzeko" eskatu du. 

Kontuan izan behar da Japonia jarduera sismiko eta bolkaniko handiko eremuan kokatuta dagoela, eta lurrikara nabarmenak izan direla aurrez. Gainera, Japoniako gobernuak urtarrilean ohartarazi zuenez, hogeita hamar urteko tartean, herrialdearen hegoaldean lurrikara handi bat izateko arriskua % 80koa omen da. Sismologoek ez dute ohartarazpena ontzat hartu, zehaztasuna ezbaian jarri baitute.

Tatsuki artistaren zaleek etorkizuneko iragarpenak egiteko gaitasuna dutela sinesten dute, eta errealitatean gertatutako hainbat gauzak haren ametsekin antzekotasunak dituztela. Aurreko lurrikaraz gain, pandemia eta beste gertakari batzuk ere aurreikusi omen zituen. Iragarpenak iragarpen, denborak erakutsiko du zer gertatuko den.