Japoniak munduko lehenengo zabor bilketa torneoa antolatu du

Japoniak munduko lehenengo zabor bilketa torneoa antolatu du Hiriko hondakinek ozeanoetan amaitu dezakete eta hauen, eta bertan bizi diren animalien, osasuna narriatu. Hori ekiditeko helburuarekin antolatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/japoniak-munduko-lehengo-zabor-bilketa-torneoa-antolatu-du/@@download/image/aks2mch4bzhb5ifamdsejh4k7q_335-43848394_20230309123702.jpg
2023/03/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Argazkia: Alex Grimm

Hiriko hondakinek ozeanoetan amaitu dezakete eta hauen, eta bertan bizi diren animalien, osasuna narriatu. Hori ekiditeko helburuarekin antolatu dute.
Japoniak munduko lehenengo zabor bilketa torneoa antolatu du

Munduko hiritar bakoitzak urtean bere pisuaren seikoitza den zabor-kopurua sortzen du urtean, hau da, milioika eta milioika tona zabor guztira. Zaborraren zati bat birziklatzen bada ere, gehienak zabortegietan, itsasoetan, ibaietan edota hirian zehar barreiatuta amaitzen du. Bereziki hiri handietan. Hiri horietako bat Tokio (Japonia) da. Datu hauek kontuan hartuta Japoniak hiriko zaborra biltzeko munduko lehen torneoa antolatu du. SpoGomi Munduko Kopa deitu diote. 

Hiru jokalariko talde bakoitzak 60 minutu izango ditu egokitutako gunean ahalik eta zabor gehiena biltzeko. Baina ez hori bakarrik, bildutako zaborra modu zuzenean sailkatu beharko dute, koloreen arabera, dagokion edukiontzian. Torneoa irabazteko zaborra ezabatzea ez da nahikoa beraz, edukiontzi egokietan ipintzea ere ezinbestekoa da. SpoGomi lehiaketaren helburua hiritarrak inspiratzea da gune publikoak garbi mantendu ditzaten. Helburu hau lortzeko lehiakortasuna erabili da. 

Takayasu Udagawa-ren hitzetan, lehen edizio hau gainbegiratzearen arduraduna, " oso garrantzitsua de hirietako zaborra biltzea, ozeanoetan hondakinen kopurua hazi egin baita mundu osoan. Beraz, zabor hori ozeanoetara iritsi aurretik ezabatu baldin badezakegu askoz ere hobeto, gero egitea zailagoa baita". 

Dena den, japoniarrek norbere zaborraren arduradun izatearen ideia oso barneratua dute. Oso kultura kontzientziatua da hondakinen kudeaketari dagokionez. Ikusi besterik ez zegoen euren jokabidea olinpiadetan. Behin ekitaldiak amaituta bertan geratzen ziren, sortutako zaborra guztien artean biltzeko. 

Hain da horrela, japoniarrek jada lekuan lekuko lehiaketak antolatzen zituztela zaborra biltzeko. Ez da kirol berria eurentzat. Ideia hau beste kulturetara zabaltzea da euren nahia, beste herrialdeak ere kontziente izan daitezen ekintza honek planetari ekarriko lizkiokeen onurez. Noski, SpoGomi-ko parte-hartzaileek eskularruak dituzte, edozein zabor mota nazkarik gabe hartu ahal izateko, baita pintzak ere makurtu gabe jaso ahal izateko. Ez da tortura bat, ez da sakrifizio bat. Beste edozein jarduera fisikoren parekoa da eurentzat. Kirola. Kooperazioa. Jasangarritasuna. Ongi legoke ikuspegi hau Euskal Herrian ere aplikatuko balitz, ezta?