Japonia: Auzitegi bateko erabakiari esker gizonezko trans batek legalki bere generoa aldatu lezake kirurgiarik gabe
Japoniako auzitegi batek, aurretik kirurgiarik egin beharrik gabe, gizonezko transgenero baten genero aldaketa legala onartu berri du. Aurrerapauso garrantzitsua da herrialdeko trans pertsonen eskubideentzat. Tacaquito Usui, 50 urtekoak, Okayamako Tsuyama auzitegian eskuratu zuen bere errekonozimendua. Aurretiaz, 2016an, Usuik modu legalean generoa aldatzeko eskatu zuen, baina ukatu egin zioten eskaera ez zelako esterilizatua izan, orduko Japoniar legeak eskatzen zuen bezala.
2023ko urrian ordea, Japoniako Auzitegi Gorenak 2003ko estatutua ezabatu zuen. Estatutu hark zioen pertsona transek legalki onartuak izateko aurretik esterilizatuak izan beharra zutela. Giza eskubideen aldeko taldeek protesta egin zuten, esterilizazioa nazioarteko eskubideen aurka zegoelako. Alabaina, 2023an 2003ko legearen zati batzuk indargabetuak geratu baziren ere, beste batzuk ez dira aldatu eta trans pertsonek oraindik “organo genitalen tankera duten zatiak eduki behar dituzte” legalki euren genero identitatea eskuratzeko.
Trans pertsona ere bikoterik gabe egotea exijitzen du legeak eta 18 urte baino gutxiagoko seme-alabarik ez edukitzea. Okayamako auzitegiak erabaki du Usuik baldintza guztiekin betetzen duela. “Nire familia eskertu nahi dut. Bizitza berri bat hastera noala sentitzen dut” adierazi du Usuik prentsaurreko batean. Japoniako legeetan aldaketak ikusteak itxaropena piztu dio: “Gizartea aldatzen ari da”. Oraindik bide luzea dago egiteko ordea. Japoniak sexu bereko pertsonen arteko ezkontza debekatzen du.
Dena den, Usuiren kasua zedarri garrantzitsua da eta ez da lehenengo aldia auzitegi japoniar batek esterilizaziorik gabe genero aldaketa onartzen duena. Hala ere, LGTB kolektiboko pertsona askok euren identitatea ezkutatzen dute oraindik ere herrialdean, lanean eta eskoletan baztertuak ez izateagatik.
