Japoniako maskara hiperrealistak ikusi al dituzu?

Japoniako maskara hiperrealistak ikusi al dituzu? Zure aurpegia edo beste norbaitena izan nahi al zenuke maskara batean? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/japongo-maskara-hiperrealistak-ikusi-al-dituzu/@@download/image/Pantaila-argazkia 2025-07-29 094303.png
2025/07/30

Testua: Maitane Legarreta

Zure aurpegia edo beste norbaitena izan nahi al zenuke maskara batean?
Japoniako maskara hiperrealistak ikusi al dituzu?

Inauterietan edo herriko jaietan gustuko izaten dute askok mozorrotu, maskarak jantzi eta egun batez beste norbaiten azalean bizitzea. Bada, badira egunerokorako ere maskarak sortzen dituztenak.

Tokioko Kamenya Omote maskara denda duela hamar urte baino gehiagotik dago zabalik, baina ez da denda arrunta. Maskara hiperrealistak egiten ditu bertan Shuhei Okawara jabeak. The Real Face izeneko proiektuaren baitan, xehetasun harrigarridun maskarak egiten ditu, material eta teknologia berriena erabiliz.

Fikziozko pertsonaien aurpegiak edo benetako pertsonenak erabiltzen ditu. Kalitate handiko irudiak erabiliz 3D diseinuak egiten ditu, eta Japongo enpresa batek fabrikatzen ditu, plastikozko erretxina erabilita.

Maskara hiperrealistak ez dira merkeak, 600 edo 800 euro inguruko prezioa izaten dute. Bi emakume eta bi gizonen prototipoak ditu eginak, salgai. Enkarguz ere egin daitezke eskaerak, baina lana handiagoa izaten da eta, beraz, produktua ere garestiago saltzen du, 1700 euroren bueltan. Gainera, norberarena ez den aurpegia birsortu nahi izanez gero, pertsona haren baimena behar izaten da. 

Erabileraren inguruko kezka
Maskara hauek erretratuak, etxean edo bulegoan jartzeko artelanak, festetarako objektuak edo dendetako manikientzako izan daitezke. Teknologia enpresek ere eskatu ohi dituzte aurpegia ezagutzeko edo segurtasuneko teknologien garapenerako. Beharbada, giza itxurako robotetarako ere erabiliko dituzte etorkizunean.

Norbanakoen bestelako erabilerak ere kezka sortzen du, ordea, batzuengan. Maskara hiperrealistak, ileordeak eta gainerako elementuak erabilita, jendea engainatzeko edo iruzur egiteko erabiliko dituzten beldur dira batzuk.Tresna askorekin gertatzen den moduan, ematen zaion erabileran dago gakoa.

Zer iruditzen zaizu zuri? Gustuko al dituzu maskara hiperrealistak?