January Jones: Izotza urtzean

January Jones: Izotza urtzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/january-jones-izotza-urtzean/@@download/image/2012797018January_Jones.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
January Jones: Izotza urtzean
60ko hamarkada. New Yorkeko aldirian zelai berde perfektua, Cadillac urdina kanpoan. Leihoa zabalik, sukaldetik usain ederra ateratzen da.


Begiratu barrura. Soineko luzea, gerrian estu, lurrera zabal. Perladun lepokoa eta orrazkera perfektua. Grace Kelly, labetik plumcake eginberria ateratzen? Ez ba, Betty Draper da, Mad Men telesail zoragarriko izotzezko ilehoria. January Jones elegantziaren ikur bihurtu duen pertsonaia.

Neskaren edertasuna ukaezina da. Abercrombie & Fitch enpresarentzat modelo lanetan aritu zen January hastapenetan. Iragarkietan kamisetarik erakutsi gabe, 20 euroko kamisetak 70 eurotan saltzeko, modeloek erakargarri behar dute izan. Eta hasierak ez dira errazak izaten. Argazki booka curriculum vitaea baino hobea izanik, zine aretoko tenperatura gradu batzuk igotzeko balio duten eszenekin eman zen ezagutzera, Anger Management (2003) komedian Jack Nicholson eta enparauak adurretan utzi zituen morreo lesbikoa kasu.

Love Actually (2003) komedia britainiarrean, Colinen bidaia amerikarreko hiru panpin beroetako bat izan zen. Milwakee elurtuan, garagardo pinta segunduan epelarazi zioten mutil gajoari. Eta sagar-tarta koadrilaren hirugarren filmean, American Wedding (2003), Stifler eta Finch elkar joka jarri zituen Michelle ezkongaiaren ahizparen azalean.

Januaryrena, baina, ez da edertasun lizuna. Fina da, apaina, eztizko ahotsarekin konbinazioan manera sotildun neskatxa bistaratzen duena. Kopan izotz-kozkor mardulez jarritako Gin Tonica. 60ko hamarkadako distiraren isla da Betty Draperren azalean. Baina baita garaiko emakumearen borroken irudi ere. Emazte leial, emazte adardun, emazte desleial, emakume dibortziatu, emakume aske.

Pantaila handira bueltan, mutanteen sorrera azaltzeko aukeratuetako bat izan zen X-Men: First Class (2011) dotorean. Emma Frost erregina zuria gorpuztu zuen, filmean gaizkin, gorputza diamantezko bihurtzeko doaia duen mutantea. Hilabete honetan Seeking Justice estreinatuko du. Udaren beroan, masailak gorritzen dituen haize freskoa.

Nortasun Agiria



Izena: January Kristen Jones
Jaioteguna: 1978-01-05
Jaiolekua: Sioux Falls (AEB)
Ezizena: Miss Thang
Film kuttuna: Scarface (Brian de Palma, 1983)
Aktore kuttuna: Marilyn Monroe
Lekurik gustukoena: Bali, Indonesia
Maite ditu: Marrazoak