Janire Egaña, Harrizulatzailea: “"Botileroa da taldearen bizkarrezurra”"

Janire Egaña, Harrizulatzailea: “"Botileroa da taldearen bizkarrezurra”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/janire-egana-harrizulatzailea-quotbotileroa-da-taldearen-bizkarrezurraquot/@@download/image/janire_egaña_1371121522.jpg
2011/10/07
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Janire Egaña, Harrizulatzailea: “"Botileroa da taldearen bizkarrezurra”"
Duela bi urte sartu zen Janire Egaña santurtziko KZ Kolpeka taldean. Mundu mailan emakumezkoen lehen harrizulatzaile taldea den honek 2009an egin zuen debuta, eta orain, denboraldia amaitzear dela, helburu bakarra dute: nesken partaidetza sustatzea. 

Lehen urratsak aspaldi hasi zituzten, mutilen taldeetan neskaren bat edo bertze sartu zenean. Gerora, Kabiezes mutil harrizulatzaileen taldeko kide batek lortu zuen 2009an KZ Kolpeka taldeak debuta egitea, eta gaur, burubelarri dabiltza kirolak duen gogortasunari aurre egiten.

Janire Egañak, Nerea Pandelok, Cristina Altunak, Anabel Martinek, Arrate Largatxak, Janire Mirak eta Susana Maldonadok osatzen dute KZ Kolpeka, nahiz eta hiru urteko bilakaeran “partaideak hainbatetan aldatu diren”, Janire Egañak azaldu digunaren arabera. Bilakaera oztopa zezaketen aldaketei aurre egin die, hala ere, KZ Kolpekak, lortu dituzten emaitzetan argi erakutsi duten bezala.
Harrizulatzaileena ez da, gaur egun, Euskal Herrian kirolik ezagunena, baina kulturalki izandako garrantziak indarra eman dio. Janireren hitzetan, “gehiago ezagutaraztea izango litzateke hurrengo urratsa”. Emakumezkoen harrizulatzaile taldea, kide bakoitzak izan duen “indarrak eta ilusioak” elkartu zuen, eta, gaur ere, hori dute oinarria.  

Harri gainean –gehienetan kare harria­– jarduten zarete, altzairuzko puntadun burdinazko makil batekin kolpeka, harria zulatuz. Denbora mugatuan ahalik eta zulo gehien egitea da helburua, zer da horretarako garrantzitsuena?

Zuloa ahalik eta egokien egitea, bide batez gozatuz, eta nork bere barruan ofizioz harrizulatzaile izan direnen oroimena, babesa eta indarra sentitzea. Lan neketsu hura errespetatuz, beti ere.

Zer behar du harrizulatzaile batek?

Erresistentzia, indarra, teknika, kontzentrazioa...

Zein dira lehiaketaren aldaerak?

Lau aldaera daude. Liga probetan, taldeko hiru harrizulatzailek parte hartzen dute eta harri gainean txandakatzen dira. Hiruen artean, ordu erdian, hamar zentimetroko sakonerako ahalik eta zulo gehien egitea da helburua. Binakako aldaera liga proba bezalakoa da, baina harri gainean bi harrizulatzaile aritzen dira talde bakoitzeko. Erresistentzia handiagoa behar da horrelakoetan, harrizulatzaile batetik besterako aldaketetan atseden tarte txikiagoak izaten baitira. Banakako aldaeran, harri gainean harrizulatzaile bakarra jarduten da talde bakoitzeko. Hemen harrizulatzaileak eta botileroak erabakitzen dute atseden tartea noiz egin, horregatik, prestaketa ezinbestekoa da hirugarren aldaera honetan. Azkenik, burdinazko froga dago. Liga frogan bezala, hiru harrizulatzaile aritzen dira harri gainean txadaka, baina, bakoitzak bere zuloa hasi eta amaitu behar du, bestearen txanda hasi aurretik. Burdinazko honetan, harrizulatzaile bakoitzaren ahalmena neurtzen da, izan ere, bakoitzaren lana da nabarmentzen dena.

Botileroak berebiziko garrantzia du, hortaz.

Botileroa taldearen bizkarrezurra da, berak gidatzen du taldearen estrategia: kolpeak zenbatzen ditu eta zuloak ere garbitzen ditu urarekin hautsa eta harri txikiak kenduz. Horretaz gain, zuloak neurtzen ditu zulatzen ditugun bitarte horretan. Berak jakinarazten digu, harria zulatzen ari garenoi, hamar zentimetrora iristeko falta den kolpe kopurua. Eta bera da epaileari zuloa egiaztatzeko eskatzen diona baita ere. Estrategia kontuak kontrolatu behar izaten ditu horretarako. Zulo kopurua egin bezain pronto egiaztatzea ez da komenigarria, hobe da gainontzeko taldekoek pentsatzea oraindik ez duzula lana bukatu, hartara ez dira larrituko eta ez dizute aurrea hartuko. Bizi ibili beharra dago!

Barrenaren ­­–harria zulatzeko baliatzen dute burdinazko makila– luzera eta pisua finkoa ez izateak baldintzatzen al du azken emaitza?

Bai eta ez. Norberaren gaitasunak, harriaren gogortasunak eta eguraldiak ere badintzaten dute. Dena den, egia da barrenak pisu gehiago duenean zuloa egiten laguntzen duela, baina horrek ere badu alde txarra, izan ere, altxatzeko indar handiagoa behar izaten da.

Eta nolakoa da lehiaketarako prestaketa?

Astean birritan izaten ditugu entrenamenduak. Denetarik egiten dugu: beroketak, harri zulaketarako giharrak indartzen eta hobetzen laguntzen diguten ariketa taulak, ergometro saioak, harrizulatzea eta erlaxazio ariketak.

Nondik lortzen duzue entrenamenduetarako harria?

Kare harria erabiltzen dugu. Batzuetan, harrobietan erosten dugu, baina horrelakorik ez dugunean, mendira joaten gara eta bertako haitzetan entrenatzen dugu. Mendira joanez gero, bazterren batean zulatutako haitzen bat ikustea ez da arraroa izaten!

Lehiaketa bezperan ere entrenatzen duzue?

Ez da komenigarria. Bezperako lesio txikienak ere kaltetu baitezake hurrengo eguneko lana.

Zer da garrantzitsuagoa, indarra ala teknika?

Biak dira garrantzitsuak. Agian, neskon kasuan, teknikari erreparatzen diogu gehiago, izan ere, mutil taldeen kontra desabantaila nahikotsu izaten baitugu indarrari dagokionean.

Eskuak babestea ere garrantzitsua izango da.

Oso garrantzitsua. Barrena bat eskularru barik oratzea, eskuetan larrurik gabe gelditzea da. Burniak haragia jaten du, urratu egiten du ibilian ibiliaz, horregatik, kontu handiz jardun behar da. Guk eskularruak takoz betetzen ditugu, pelotariek berriz eskuak. Hala ere, takeatzeko modua antzekoa izaten da, ideia bat izan dedazuen.  

2009an egin zenuten debuta, mundu mailan neskaz osaturiko lehenengo harrizulatzaile taldea zineten, nola suertatu zen?

Harrizulatzaileon bilera koordinatzen duen Itturri Elkarteko batek bultzatu zuen kontua. Bera Kabiezes taldeko partaide zen, eta bada. Hauekin hitz egin eta neskak animatzeko erabakia hartu zuen. Horrela, Kabiezes mutil taldetik hurbil zeuden neska batzuk batu zirenean sortu zen Santurtziko KZ Kolpeka taldea. Hala ere, esan beharra dago hauek ez zirela lehenengo neska harrizulatzaileak izan. Lehenago ere, mutil taldeekin nahastuta neskaren batek edo bestek egin izan baitzuen harrizulatzea. Euren garaia izan zuten eta meritua azpimarratzekoa da. Dena den, egia da talde federatu gisa KZaKolpeka dela neskez osatutako lehenegoa eta bakarra Euskal Herri osoan, eta munduan.

Zuen bilakaera nolakoa izan da hiru urte hauetan?

Hainbatetan aldatu da taldea, batzuk joan dira eta beste batzuk etorri. Horrek bilakaera ideala oztopatu du, baina, apurka-apurka teknika hobetzen joan gara.

Mutilen kirola dela diote, neskek gaitasuna duzuela aski ongi erakutsi duzue, ordea. Zergatik dago hain harrizulatzaile neska gutxi?

Kanpotik begiratuta gogorregia eta ia ezinezkoa dirudi, eta horrek eragina du. Baina, behin probatuta gauzak aldatu egiten dira; gogorra da, baina ez dirudien bezainbeste, "txispa" apur bat aski da egingarri bihurtzeko.  

Mundu mailan lehendabizikoak izan zarete nesken kategorian. Sortu al dira gerora talde gehiago?

Saiakerak egin ditugu, baina oraingoz ezinezkoa izan da, neskak ez dira hain erraz animatzen horrelako herri kirolak egitera. Itzela izango litzateke talde gehiago sortzea...

Hala ere, itxaropena izango duzue oraindik...

Bai! Itxaropena eta ilusioa. Gure ustez denbora kontua da. Kirol hau ezagutarazteak eta komunikabideetan zabaltzeak izugarri lagunduko luke. Horretaz gain, institutuetan eta eskoletan hainbat hitzaldi eta ikastaro antolatu ditugu, gaztetxoengana ere hel dadin. Pasa den urtean hasi ginen dinamika honekin eta aurten ere jarraituko dugu, kirola ezagutarazteko ezinbestekoa da.

Liga mixtoetan ere parte hartzen duzue, mutilekin. Zer nahiago duzue?

Desberdina da, baina biak ditugu gustuko. Beste harrizulatzaileekin elkarreragina oso aberasgarria izaten baita.

Liga eta txapelketa desberdinetan parte hartzen duzue, zein duzu kuttunena?

Nik guztiak ditut gustuko. Baina, orokorrean, taldekide gehienek liga proba edo binakakoa nahigo izaten dute.

Zein dira zuen aurkari indartsuenak?

Guztiak. Egia esan, mutil taldeen kontra zaila izaten dugu, baina esan beharra dago burdinazko probetan zenbait mutilek baino zentimetro gehiago egin izan ditugula.

Euskal Herritik kanpora badira ligak?

Euskal Herritik kanpora ez dira harrizulaketan aritzen herri kirol gisa. Hala ere, badira Kantabrian, Asturiasen eta Leonen harrizulatzaile izandakoak eta orain ere badabiltzanak. Oraingoz ez dago, baina baliteke han ere noizbait talderen bat sortzea. Beharbada, kultur eta kirol jardunaldiak antolatu beharko genituzke elkarrekin, hori sustazeko. Baina horretarako lehenengo ezagutu egin beharko genituzke. Gertatuko al da!

Trapagarango jaietan izan zen harrizulatzaileen azkeneko liga. Orain zein da zuen erronka?

Irailaren 25ean Etxebarrin lehenengo kanporaketa mixtoa izan genuen. Lau talde osatu genituen, neskak eta mutilak nahasturik. Talde orekatuak egin genituen, posible izan zen neurrian behintzat, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Lehiaketa polita izan zen. Hemendik aurrera, aurtengo denboraldia amaitzen ari denez,  emakumeen partaidetza handituko duten ekimenetan sakondu eta indar guztia horretara bideratuko dugu.