Jangelarik gabeko jatetxeak, gastronomiaren etorkizuna?

Pandemiaren olatu berri honek gogor astindu du ostalaritzaren mundua, eta soilik etxerako zerbitzua eskaini dezaketenek lortuko dute hilabete honetan diru iturriei eustea. Hain zuzen, COVID-19aren ondorioetako bat online jatetxeen ugaritzea izan da; geroz eta gehiago dira etxerako zerbitzua eskaintzen dutenak, eta ez hori bakarrik; jangelarik gabeko jatetxeak ere iritsi dira, soilik online salmentak egiten dituztenak, alegia.
Esklusiboki etxerako saltzen duten jatetxeak ez dira kontu berria, baina orain arte gutxi izan dira, eta gehienak janari azkarrarekin lotutakoak. Pandemiarekin baina, mota guztietako gastronomia apuntatu da online mundura, baita Mitxelin izarretakoa ere. Irudikatzen duzue Arzak jatetxeko menua motor batean etxeraino iristen? Bada hori errealitatea da hiri askotan dagoeneko.
Baina jatetxerik gabeko jatetxeak pauso bat aurrerago doaz, esklusiboki etxerako janaria prestatuz. Jatetxe-mamuak ala jatetxe birtualak deitura jasotzen dute, eta jende gaztea dira bere bezero handienak; hain zuzen, gazteek ez dute ia kozinatzen, eta jatetxe birtual horiei esker, egunero pizza eta pasta baino zerbait gehiago jateko aukera izaten dute.
Jatetxe birtual hauen abantaila handiena malgutasuna da; hala, janari bat modan jartzen bada, segituan gehitzen dute beren menura. Nazioartean dagoeneko asko zabaldutako negozio mota da, batez ere Txinan (7.500 jatetxe birtual dituzte), Indian (3.500 jatetxe birtual), AEBetan (1.500 jatetxe birtual) eta Erresuma Batuan (1.000 jatetxe birtual).