Jane Austen: Zentzua eta sentiberatasuna

Jane Austen: Zentzua eta sentiberatasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jane-austen-zentzua-eta-sentiberatasuna/@@download/image/jane_austen_1371121096.jpg
2011/10/07
erreportajea
Samara Velte
Lore txikiena ere apurtzailea izan daiteke, asfalto gainean hazi eta hormigoiari aurre egiten badio. Apurtzailea izan zen Jane Austen ere (Steventon, Erresuma Batua, 1775 – Winchester, 1817); itxuraz goxoa, eta egiatan garratza.


Aurten 200 urte bete dira Sense and sensibility-k, bere lehen nobelak, argia ikusi zuenetik; orduz geroztik, ez dira asko izango bizi duten gizarteari horren kritika umoretsu eta zorrotzik egin dioten idazleak.

Predikari protestante baten zortzi seme-alabetatik zazpigarrena izatea egokitu zitzaion; bigarren alaba. Ingalaterrako landa inguruetako klase ertain-altuko familia zen berea, kulturaz jantzia. Hain justu, horrexegatik utzi zioten Austendarrek loretxoari behar bezala hazten: Janek gazte-gaztetatik nahi beste irakur zezakeen aitaren liburu-bildumatik, eta hark beharrezko materiala ematen zion, literaturan esperimentatzeko.

Lehen nobelak 19 eta 22 urte bete artean idatzi zituen. Argitaratu, ordea, handik hamabost edo hogei urtera argitaratu zituzten; batzuk, Austen hil ondoren, eta gehienak modu anonimoan. Sense and sensibility ere “Neska batek” sinatuta kaleratu zen.

Austenen lanetan, bere antzeko emakumeak dira protagonista; independente, argi eta izaera indartsukoak. Umore handiz hausnartzen du ezkontzaz eta harremanez, askotan jendarte egitura tradizionalak barregarri utziz. Gizartea aldatu dela diotenak harritu egingo lirateke: kritika horietako asko gaur egungo jendarteari ere egiteko moduan geundeke.

Austen ez zen inoiz ezkondu. Familiak emandako laguntzari esker, bizitza autonomoa egin zuen, ezkontzak zekartzan loturetatik at. Hori gabe, lore eder batzuk faltako lirateke ziurrenik gaur egungo liburutegietan.

Bibliografia


• Sense and sensibility (1811)
• Harrotasuna eta aurrejuzkuak (1813, Ibaizabalek 1996an euskaraz argitaratua)
• Mansfield Park (1814)
• Emma (1815)
• Northanger Abbey (1818)
• Persuasion (1818)