Janaria alferrik ez galtzeko aholku errazak
Aholkuekin hasi aurretik, ordea, ezagutu ditzagun gosearen zenbakiak. Munduan 690 milioi pertsona inguruk gosea pairatzen dute, hau da, biztanleriaren %8.9ak. 2019ko datuei erreparatzen badiegu 750 milioi pertsonek, edo 10 pertsonetatik batek, elikagaiak eskuratzeko zailtasunak izan zituzten. Joerak jarraituko balu gosea pairatuko luketen pertsonak 840 milioi inguru izango lirateke 2030. urterako. Zaborretara botatzen dugun janariaren laurdenarekin munduko gosearekin amaituko genuke. Hala ere, estimatzen da elikagaiak eskura izango ez dituzten pertsonen kopurua bikoiztu egingo dela gaixotasunengatik, gerrengatik eta klima aldaketa dela eta.
Argi dago irtenbidea zuk eta nik egin dezakegunetik haratago doala, baina hala ere, gure elikagaiak baloratzen ikasi behar dugu. Hauek dira egunerokotasunean egin ditzakezun zenbait ekintza: Sasoikoak eta lokalak diren produktuak erosi, behar duzuna bakarrik erosi (erosketak egitera joan aurretik ondo antolatu), hozkailuan eta biltegian duzun janaria ondo kudeatu, etxean zure baratza sortu edo baratza komunitarioetan izena eman…
Janaria denbora gehiagoz mantetzeko aholkuak
Goiko aholkuez gain, hona hemen elikagaiak alferrik ez galtzeko zenbait aholku:
Azenarioak, apioak eta limoiak hozkailu barruan uretan murgilduta eduki. Fresko eta kurruskari iraungo dute ia hilabete oso batez! Hori bai, ez ahaztu ura astean behin aldatzea.
Letxugak, babarrunak, bainak, zerbak… kotoizko trapu heze baten barruan bilduta mantendu.
Tipulak, patatak, baratxuriak eta batatak saski baten barruan sartu eta leku ilun batean gorde sagar batekin barruan kimuak atera ez daitezen. Kimuak ateraz gero, landatu eta zure baratzarekin has zintezke!
Zainzurien, brokoliaren, tipulinaren, landare lurrintsuen eta hosto berdeen bizitza luzatzeko onena zurtoinak moztu eta ur baso batean jartzea da, hozkailu barruan. Gogoratu ura aste aldatzea.
Ogia kotoizko trapu batean edo oihalezko poltsa batean gorde, egurrezko kaxa baten barruan. Jada gogorra badago, berreskuratu dezakezu trapu heze batekin bildu eta berau mikrouhin-labean berotu potentzia maximoan (10 segundoz gutxi gora behera).
Erdi erabiliak geratu zaizkizun fruta eta barazkiak buruz behera gorde platertxo baten barruan hozkailuan.
Frutak jada helduegi daudela ohartu bazara, baina baldin badakizu ez dituzula hondatu aurretik kontsumituko, zatika moztu itzazu eta izoztu gero horiekin irabiatuak eta izozkiak egiteko.
Marrubiak denbora gehiagoz iraun dezaten, berriz, ozpina erabili. Ozpinaren zati bat uretan diluitu, bertan sartu aurretiaz garbitutako marrubiak eta nahastu. Ondoren lehortzen utzi. Metodo hau erabilita hozkailuan bi aste iraun lezakete!

