Jamie Foxx: Musikari bihotz

Jamie Foxx: Musikari bihotz https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jamie Foxx: Musikari bihotz

Haurra besterik ez zela, banatu egin ziren bere gurasoak. Handik gutxira, amak amonaren kargu utzi zuen Jamie txikia. Aiton-amonak musikazale porrokatuak ziren. Hortaz, soul eta funk musikaz zipriztindutako giroan hazi zen mutila. Marvin Gaye eta Lionel Ritchieren abestiak izan ziren bere haurtzaro zoriontsuaren soinu banda. Eta, noski, hitz egiten baino askoz lehenago ikasi zuen pianoa jotzen. Hala, urte luzez, musikari izatearekin egin zuen amets. 
Ikasketak amaitu ostean, San Diegoko International University entzutetsura jo zuen musikari bihurtzeko asmoz. Neskak pentagramak baino maiteago zituen, baina. Gaztaroan izan zuen neska-lagun batek, hain justu, komediagile izatera bultzatu zuen Jamie Foxx. Hastapenak gogorrak izan ziren, zinez. Tabernazulo ilun eta errepide ondoko nightclub zabarretan bakarrizketa umoretsuak egin zituen luzaroan. Diru nahikorik irabazten ez zuenez gero, zapata saltzaile ere ibili zen.
Itxaropena galtzear zela, "In Living Color" telesaio ezagunean parte hartzeko aukera eman zion Keenan Ivory Wayans umoregileak. Bertan, Wayans anaiekin eta Jim Carreyrekin egin zuen lan. Saioak telebistaren ateak zabaldu zizkion parez pare, eta zinema egiten hasi zen apurka-apurka. Garai hartan, "Peep This" izeneko diskoa kaleratu zuen, baina ez zuen harrera onegirik jaso. 90eko hamarkadaren erdialdean, aldiz, arrakasta handia erdietsi zuen telebistan "The Jamie Foxx Show" umore saioarekin.
Zineman, ordea, hasieran "Booty Call" gisako komedia txolinak egiteko kontuan hartzen zuten soil-soilik. Antza, Eddie Murphy izarraren oinordeko bihurtu nahi izan zuten mutila. Tenore horretan, benetako zinemaren aldeko hautua egin zuen Jamie Foxxek. Hala, Oliver Stoneren "Any Given Sunday" filmean aritu eta gero, zinemagile finenen arreta bereganatu zuen. Iaz, komedian ez ezik, draman ere bikain moldatzen dela erakutsi zuen "Collateral" pelikulan. "Ray" filmak egin du ospetsu, ostera; aurten, aipatu filmean egindako lanari esker, aktore onenaren Oscar saria eta Urrezko Globoa irabazi baititu. Jamie Foxx atseginak ez du jada musikari izatearekin amets egiten. Baina pozik dago. Ray Charles handiak eman diolako Oscarra.

Nortasun agiria
Izena: Eric Morlon Bishop (Jamie Foxx).
Jaioteguna: 1967-XII-13.
Jaiolekua: Terrell (Texas/AEB).
Neska-laguna: Leila Arcieri modelo eta aktorea.
Lagunak: Bobby Brown, Jay-Z, Justin Timberlake.
Musikari gogokoenak: Prince, Marvin Gaye, Lionel Ritchie eta Sean.
Aktore kutunenak: Richard Pryor eta Denzel Washington.
Zuzendari miretsiena: Spike Lee.
Bizio bat: Parranda.
Zaletasunak: Abestea.
Kirolik gustukoena: Futbol amerikarra.
Maite du: Corrine, bederatzi urteko alaba.
Gorroto du: Arrazismoa.