James Vicary-ren esperimentua edo publizitate subliminala

James Vicary-ren esperimentua edo publizitate subliminala 1956. urtean Estatu Batuetan burututako esperimentu famatua da James Vicary-rena. Esperimentu honek pertsonen adimenak manipulatzea posiblea zela frogatzen zuen. Garai artan “publizitate subliminala” deitu zitzaion. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/james-vicary-ren-esperimentua-edo-publizitate-subliminala/@@download/image/54cbe5816da811097436eace.jpg
2020/02/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

1956. urtean Estatu Batuetan burututako esperimentu famatua da James Vicary-rena. Esperimentu honek pertsonen adimenak manipulatzea posiblea zela frogatzen zuen. Garai artan “publizitate subliminala” deitu zitzaion.
James Vicary-ren esperimentua edo publizitate subliminala

50. hamarkadan adimenaren manipulazioaren inguruko gaien inguruan sekulako leherketa izan zen. Hamarkada horren amaieran James Vicary-ren esperimentu famatua burutu zen publizitate subliminalaren ustezko eraginkortasuna frogatzen zuena. Denboraren joanarekin esperimentuaren ondorioak oso kritikatuak izan dira, baina oraindik ere askoren inspirazio iturri dira.

Hain famatu egin zen esperimentua, ezen egun oraindik ere bada jendea publizitate subliminala arrakastatsua suertatzen dela uste duenik. Hori dela eta, munduko gobernu askok teknika hauek erabiltzea debekatu dute.

James Vicary-ren esperimentua
Vicary-k pertzepzio subliminalaren efektua frogatu nahi izan zuen kontsumitzaileek erostera konbentzituz. Esperimentua Picnic pelikularen proiekzioan burutu zuen. Horrela, pelikulan zehar “edan Coca Cola” edo “jan krispetak” bezalako esaldiak sartu zituen. Hau egiteko takiskopioa deitutako instrumentu bat erabili zuen. Tresna hau gai da lapsus oso motzetan hainbat irudi erakusteko.

Irudiak horren azkar zihoazen, ezen ikusleak ez zirela kontziente mezu horiek hor zeudenik ere. Kartelak euren begien aurrean azaltzen ziren, baina inork ez zituen kontzienteki ikusten. Hori zen helburua: inkontzienteari zuzendutako mezu horien eragina frogatzea.

Esperimentuaren emaitzak
Behin esperimentua burututa Vicary-k txosten bat argitaratu zuen honen inguruan. Honek zioen mezu subliminal horiek ostean Coca Colaren salmenta %18 igo zela, aldiz krispetena %57 hazi zen. Handik gutxira London Sunday Times egunkariak esperimentuaren inguruko artikulua argitaratu zuen eta histeria kolektiboari bidea ireki zion.

Ordutik, “publizitate subliminalaren” kontzeptua ospetsu bilakatu da. Gobernu estatubatuarrak horrelako teknikak erabiltzen zituztenei lizentziak kenduko zizkietela mehatxu egin zieten komunikabideei, eta azkenik, mota honetako iragarkiak zenbait herrialdeetan debekatu egin ziren.

Egiaren agerkundea
Denborarekin Vicary-ren esperimentuaren inguruan susmo batzuk piztu ziren. Izan ere, ikertzaileak ez zituen esperimentuaren metodologia eta informazio teknikoak partekatu nahi. Henry Link, psikologia esperimentalean adituak, esperimentua berriz burutzearen erronka bota zion, baina Vicary-k ezezkoa eman zion.

CBS telebista kate kanadarra esperimentu antzekoa egiten saiatu zen. Mezu subliminalak bidaltzen saiatu zen ikusleek arreta jar zezaten momentu jakin batean, baina hau ez zen gertatu. Azkenik, 1962an Vicary-k, Avertising Age aldizkarian idatzitako artikulu batean, aitortu zuen esperimentua ez zuela inoiz burutu. Muntaia bat egin zuen bere enpresa egoera larrian zegoelako eta ospea behar zuelako berau aurrera ateratzeko.

Alta, Vicary-ren “esperimentuak” frogatu zuen gizartea zeinen sinesbera den eta informazioa tonu zientifikoetan jantzita erraz bilakatzen dela egia komunikabideen laguntzarekin. Oraindik gobernu askok “publizitate subliminalaren” debekua indarrean dute.