James McAvoy: Eskoziarra da eta harro dago

James McAvoy: Eskoziarra da eta harro dago https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
James McAvoy: Eskoziarra da eta harro dago
Bere deiturak salatzen duen bezala, James McAvoy eskoziarra da; eskoziar petoa, Sean Connery abertzale sutsuaren kastakoa. 1979an Glasgowen jaioa, gogor lan egin du dagoen tokira ailegatzeko. Eta lorpen handiak egin ditu, bai horixe: hilabete honetan, Angelina Jolieren besoetan ikusiko dugu Wanted filmean.
Sorterrian, antzerkigintza eta telebista munduan eman zituen lehen urratsak McAvoy gazteak. Hainbat telesailetan parte hartu zuen, horien artean, Steven Spielbergek eta Tom Hanksek ekoitzitako Band of brothers ezagunean. Telesail horietan ikasi zuen mutiko despistatuaren aurpegia jartzen, eta horri esker, pantaila handirako hainbat lan txiki egin ostean, 2005ean protagonista lanetan aritzeko aukera ailegatu zitzaion: Rory O´Shea was there film britainiarrean izan zen.
Baina, jakina denez, zinema munduan "ezagun" izateko Hollywooden lan egin behar da. Eta halaxe egin zuen McAvoyk, 2005 urtean bertan. Bigarren mailako rol bat egitea egokitu zitzaion aurrekontu handiko ekoizpen batean, The Chronicles of Narnia sortaren lehen atalean. Tumnus faunoarena egin zuen aktore eskoziarrak. Nahikoa eta sobera izan zen hamaika begirada erakartzeko.
Dena den, bultzadarik handiena aktore handi baten itzalpean lortu zuen, pelikula britainiar batean berriro ere: Kevin Macdonald zuzendariaren The last king of Scotland. Forest Whitaker-en neurrira egindako filma zen, eta hain justu, aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen aktore begiokerrak; baina haren alboan McAvoy zegoen, eta film hartan, argi utzi zuen bera ez dela ingelesa, eskoziarra baizik. Film horri esker, McAvoy aktore gazteen lehen mailara pasatu zen, sex-symbol berria bihurtuta. eta iaz, bi aktore ezin erakargarriagoren ondoan aritu zen, Anne Hathaway (Becoming Jane) eta Keira Knightley (Atonement).
Aurten, McAvoy bete-betean sartu da Hollywoodeko zirkuan: Angelina Jolierekin batera, Wanted akzio-filmean ikusteko aukera dugu. Pelikula kaskarra izanen da, baina seguru ate berriak irekiko dizkiola Glasgow Celtic taldeko jarraitzaile sutsu honi.