James Joyce: Hizki bakoitzaren garrantzia

James Joyce: Hizki bakoitzaren garrantzia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/10/13
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
James Joyce: Hizki bakoitzaren garrantzia
James Joyce (Dublin, Irlanda, 1882 – Zürich, Suitza, 1941) idazlearen Ulises nobela euskaratu du Xabier Olarra itzultzaileak. Literatura modernoko mugarritzat hartzen da liburu hau.  Joycek zazpi urte behar izan zituen idazteko eta Olarrak hiru itzultzeko.


Liburu mardula da, eta estiloari dagozkien berezitasunek ez dute lana erraztu. Ingelesezko literaturako liburu gorena dela diote batzuek; literaturari egin dion ekarpena ezin zaio ukatu.

Joyce Dublinen jaio zen, eta 1904. urtean kontinentera alde egin bazuen ere (Trieste, Paris eta Zürichen bizi izan zen), bere unibertso literarioa Dublinen kokatzen da gehienbat. "Beti idazten dut Dublini buruz, Dublineko bihotzera iritsiz gero munduko hiri guztietako bihotzetara irits bainaiteke. Partikularrean gordetzen da unibertsala," esan zuen.

Estiloari dagokionez, Joycek garrantzia handia ematen zion formari, bere ustetan forma eta edukia banatzea ezinezkoa baita. Horregatik, hizkuntza bereziki zaintzen zuen. Hitz bakoitzak, hizki bakoitzak dauka garrantzia bere obran. Hortik editoreekin izandako desadostasunetako batzuk. Samuel Becketten hitzetan, Joycek "ez du zera bati buruz idazten, zera bera idazten du". Ez zuen bizitza imitatzen, bizitza eraikitzen zuen idazten zuenean, hortik estilo berrietarako joera, harremanak, pentsamenduak eta eguneroko gertakariak azaltzeko modu hobeen bila.

Bera bizirik zegoela hiru nobela eta Dublindarrak narrazio-bildumaz gain antzezlan bat eta hiru poema liburu ere argitaratu zituen. Hainbat egunkaritan ere azaldu ziren bere lan batzuk. Aipagarria da Joyceren narratiba ia osoa dagoela euskaraturik, Irene Aldasorok Artistaren gaztetako portreta eta Dublindarrak lanak itzuli baitzituen.

Bibliografia hautatua


•    Chamber Music (1907).
•    Dublindarrak (Alberdania, 1999).
•    Artistaren gaztetako portreta (Ibaizabal, 1992).
•    Exiles (1918).
•    Ulises (Igela, 2015).
•    Pomes Penyeach (1927).
•    Collected poems (1936).
•    Finnegans Wake (1939).