James Dean: Betirako menderakaitz

James Dean: Betirako menderakaitz https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
James Dean: Betirako menderakaitz
Urteurren asko eman dizkigu laster agurtuko gaituen 2005 urteak. Baina ezin diogu urteari joaten utzi, urteurren horietako bat hizki larriz azpimarratu gabe: aurten bete dira 50 urte, James Dean gazte menderakaitza auto istripuan hil zenetik.
James Byron Dean 1931ko otsailaren 8an jaio zen AEBko Indiana estatuko Marion herrixkan. Bederatzi urte zituela ama hil zitzaion, eta osaba-izeba batzuen etxaldera bidali zuen aitak, Fairmountera. Jamesek han eman zuen haurtzaroa.
Miopea izanagatik, James ederki moldatzen zen saskibaloian, baina barruko senak beste zerbait eskatzen zion. Hain zuzen, Kaliforniako unibertsitatera joan aurretik, lehen antzerki lanak egiten hasia zen Fairmounten bertan. Kaliforniatik New Yorkera jo zuen, eta Actor´s Studio ospetsuan izena eman zuen. Han aldatu zen bere bizitza.

Marlon Brandoren itzala
James Dean-en bizitzan erabateko garrantzia izan zuen Marlon Brando aktoreak. Deanek erabat miresten zuen Brando, nahiz eta biak ez ziren sekula adiskide izan. 1954an, Elia Kazan zuzendaria Marlon Brando berria bilatzen ari zen, "East of Eden" filma egiteko. Hiru urte lehenago, Kazan "A streetcar named desire" ospetsua egina zegoen Marlon Brando aktorearekin, eta film hartan, Brandok luze iraungo zuen estereotipoa markatu zuen: gazte erakargarri eta barnerakoiaren irudia sortu zuen, itxura trauskil samarrekoa baina sentsuala eta gartsua. Aldeak alde, prototipo horren barruan sartzen zen James Dean.
"East of Eden" oso film arrakastatsua izan zen, eta eredu bat ezarri zuen garai hartako AEBko gazteriarentzat. Dena den, James Dean ez zen pelikularen estreinaldi ofizialera joan —jakin balu, Marlene Dietrich eta Marilyn Monroe aretozain lanetan aritu zirela estreinaldi hartan!—. Handik gutxira, Nicholas Ray zuzendariak "Rebel without a cause" filmerako kontratatu zuen, eta baita George Stevensek ere "Giant" pelikulerako. Bi film horietan, pertsonaia bakarti eta barnerakoiak jokatu zituen James Deanek.

Azkar bizi, azkar hil
Abiadura maite zuen Deanek; harremanetan, maitasunean, auto lasterketatan. Modu eroan bizi omen zen, heriotza bilatuz. 1955eko irailaren 30ean, Little Bastard izengoitiko porschean, astiro omen zihoan errepidean, baina gainera etorri zitzaion kotxearen gidaria, ordea, abiada bizian zihoan. Gidari hura ere oso gaztea zen.
James Dean hantxe geratu zen, hilotz; 24 urte besterik ez, filmatutako azken bi filmak estreinatzen ikusi gabe. "Azkar bizi, eta azkar hil: hilotz ederra egingo duzu" esamoldea bere egin zuen. 50 urte igaro ondoren, bere misterioak bizirik darrai.