Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria, Aiaraldean

Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria, Aiaraldean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/04/06
berria
Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria, Aiaraldean
Euskal kulturaren historiaz, egungo egoeraz nahiz etorkizunekoaz hausnartu, eztabaidatu eta honen jarraikortasuna bermatzeko helburuz jaio da Jalgi egitasmo ibiltaria. Euskal Herri osoko kultur adierazpide guztietako sortzaileek dute bertan lekua, eta tokian tokiko eragileekin elkarlanean ariko dira gainera. Oraindik behin betiko egitarauaren berri eman ez badute ere, besteak beste 10 ponentzia, lan taldeak, eztabaida mahaiak eta bazkaria izango direla aurreratu dute; gogoeta, ikuskizuna eta ospakizuna uztartu nahi dituzte, hortaz.

XXI. mendean euskal kulturak ganorazko plazak, ikusgarritasuna eta transmisioa falta dituela ondorioztatu dute ekimen honen sustatzaileek, eta hain zuzen, auzolanean jardun nahi dute horien bila. Gertutasuna bilatzen dute eta, horretarako, ohikoez gain, ezohiko espazioak, momentuak eta formatuak erabiliko dituzte ezohiko hartzaile eta partehartzaileengana ere iristeko.

Lehen ekitaldi hau Arabako Aiaraldean izango den arren, aurrera begira euskal kulturaren plaza ibiltari hau urtero Euskal Herriko eskualde batera mugitzea da asmoa, eta bertan garatzen diren gogoeta eta iritzi trukeetatik eratorritako proposamen zein ondorioak urte osoan zehar garatzen jarraitzea.

Adi, beraz, egitarauarekin!