Jakituaren bidetik

Jakituaren bidetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jakituaren-bidetik/@@download/image/16p46-1_1370458617.jpg
2002/02/01
erreportajea
Xabier Mtz de Arbulo
Ba al zenekien sarean doako entziklopedia dagoela? 

Internet gizateriak inoiz ezagututako informazio iturririk handiena da. Hamaika alditan esana dugu. Batzuetan, ordea, zerbait bilatu nahi dugunean, ezertarako balio ez diguten ezin konta ahala informaziorekin topo egiten dugu. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, sarea negozio handia dela, eta adibidez, Bach musikagilearen bizitza ezagutu nahi badugu, informazio ugari emango digutela haren diskoak internet-en eskuratzeko aukeraz, eta ez hainbeste Bachen bizitzaz.

Hori dela eta, internet erabiltzaileak gizakiaren jakituria bilduko duen gune bat eskatzen ari dira, denok noiz edo noiz erabili ditugun entziklopedien modukoa. Kontua da sarean kontsulta daitezkeen entziklopediak ere negozio bihurtu direla. Esate baterako, Britainiar Entziklopedira (www.britannica.com) jotzeko, arduradunek 60 euro eskatzen dituzte (10.000 pezeta/400 libera inguru).

Microsoft erraldoiak ere, nola ez bada, ez du aukera galdu nahi izan eta entziklopedia zerbitzua abian jarri du. Batzuetan, ordea, ordaintzen dutenek baino ezagutzen ez duten kodea eskatzen dute bertan. Ez hori bakarrik: Microsoft-en lehiakideei buruzko informazio bila bazabiltza, lerro gutxi batzuk besterik ez dituzu topatuko. Hau da, ordaintzeaz gain, edukiak enpresaren interesen menpe daude.

Wikipedia (www.wikipedia.com) aldiz, oso bestelakoa da. Entziklopedia hau gai bat edo beste ezagutu eta besteei laguntzeko prest dauden guztiei zabalik dago. Erabiltzaileek entziklopedia horretako artikuluak idatzi eta osatzen dituzte. Albert Einstein pertsonaia ezagutzen al duzu? Hara sartu eta artikulua idatz dezakezu. Edo bestela, artikulua idatzita badago, osatzeko aukera duzu. Noski, ez dakien jendeak ere edozein astakeria jartzeko aukera du. Horrelakorik gerta ez dadin, kontrol sistema bat dago eta edozein erabiltzailek, artikuluren batean astakeriarik irakurriz gero, aurretik idatzitako testua berreskuratu eta orrialdea lehengora ekar dezake.

Ingelesezko wikipedia iazko urtarrilean sortu zen eta azken datuen arabera, 15.000tik gora artikulu bildu dira. Frantsezko bertsioa ere badago (fr.wikipedia.com) eta baita gaztelerazkoa ere (es.wikipedia.com), artikulu gutxiago dituzten arren.

Badakizu, beraz: Wikipedian sartuta, informazio anitz jaso dezakezu. Eta horrez gain, artikuluak idazten ere lagundu dezakezu. Noizko euskal.wikipedia.com?