Jake Gyllenhall: Bihotz menderakaitza

Jake Gyllenhall: Bihotz menderakaitza https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jake Gyllenhall: Bihotz menderakaitza

Tristea du begirada. Malenkoniatsua irria. Ametsak nostalgiaz bustirik balitu bezala. Nerabetxoek euren paper-zorroetan itsatsirik daramatzaten argazkietako aktore ederrekin antz handirik ez du, zinez. Erakargarri egiten duen zerbait badu, ordea. Berezkoa duen xarma, apika. Ez zuen zinema izar bihurtu nahi. Baina zeluloidea baino ez dabilkio zainetan barna. Stephen Gyllenhaal zinemagilearen eta Naomi Foner gidoigilearen semea da-eta Jake gaztea. Maggie Gyllenhaal aktore iradokitzailearen neba. Hortaz, aktore izatera kondenaturik zegoen jaio zen egunetik. Halakoetan, patua saihestea ezinezkoa baita.
Ez zen ikasle ona izan. Eskola askotatik bota zuten. Kausarik gabeko errebeldea baitzen mutila. Brad Renfro, James Franco eta bere belaunaldiko aktore outsider alienatu oro bezalaxe. Hala eta guztiz ere, ikasketak bukatu zituen. Ondoren, Columbiako Unibertsitatean aritu zen ingeles filologia ikasten. Bi urte besterik ez zituen jasan bertan, baina.  Dena dela, beti maite izan du literatura. Nerabea baino ez zela, Albert Camus idazlearen liburuak irakurri ohi zituen ikasgelan. J.D. Salinger idazle madarikatuaren miresle handia da aspalditik. Bere txakurrak ere Atticus du izena. "To Kill a Mockingbird" eleberriko protagonistak bezala.
"City Slickers" atseginarekin hasi zuen bere zinema ibilbidea Jake Gyllenhaal gazteak duela hamalau urte. "October Sky" sentiberak egin zuen ezagun, ostera. Hala, apurka-apurka, zinema independentearen aurpegirik ezagunenetakoa bilakatu da; pertsonaia marjinal bezain liluragarriei bizia emanez. "Donnie Darko" eta "The Good Girl" finetan egindako lan aparta da, hain justu, horren lekuko. Zineman ez ezik, antzerkian ere arrakasta lortu du. "This is Our Youth" antzezlanean egindako interpretazioarengatik Evening Standard Theatre Award saria bereganatu zuen.
Zinema independentearen mugak apurtu zituen iaz "The Day After Tomorrow" ekoizpen hantustean parte hartu eta gero. Gogoko ez duen arren, ospea ezinbestekoa baita maisu handien arreta erdiesteko. Gauzak ondo baino hobeto irten zaizkio, antza. Urte honetan bertan, besteak beste, Ang Lee-ren "Brokeback Mountain", John Madden-en "Proof" eta Sam Mendes-en "Jarhead" filmeetan ikusteko aukera izango dugu-eta Jake Gyllenhaal. Hollywood ustelaren distirak itsutu al du bada zinema izar izan nahi ez zuen gaztea?

Nortasun Agiria
Izena: Jacob Benjamin Gyllenhaal
Jaioteguna: 1980-XII-19
Jaiolekua: Los Angeles/Kalifornia (AEB)
Neska-laguna: Ez du. Kirsten Dunst aktorearekin apurtu berri du
Adiskiderik onenak: Natalie Portman eta Bryce Dallas Howard
Musikaririk gogokoena: Beck
Libururik maiteena: "To Kill a Mockingbird" (Harper Lee)
Aktore kutunena: Paul Newman
Bizio bat: Irakurtzea
Zaletasuna: Sukaldaritza
Maskota: Atticus txakurra
Maite ditu: Askatasuna
Gorroto du: Gerra. Irakekoa, bereziki