Jaizkibel konpainia: “Tradizioaren izenean herriari bere festak lapurtu dizkiote”

Jaizkibel konpainia: “Tradizioaren izenean herriari bere festak lapurtu dizkiote” “Edo guztiok dantzatzen dugu edo ez du inork dantzatzen” esaldia eguneratzen dihardu 1996. urtetik Hondarribiko Jaizkibel konpainia: “Edo guztion festa da edo ez dago festarik”. Alarde parekide baten alde egite hutsagatik beldurrari, bidegabekeriari, boikotari eta era guztietako erasoei aurre egin behar izan diete, eta horrek kikildu baino, euren jarrera irmotzera eraman ditu, eredu bilakatuz. Ixabel Alkain Etxeberria (Hondarribia, 1961) lehen kapitainarekin eta Oihana Etxebarrieta Legrand (Hondarribia, 1987) egungoarekin elkartu gara euren bizipenak ezagutu eta bide batez, euren ausardiari zor zaion aitortza egiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaizkibel-konpainia-201ctradizioaren-izenean-herriari-bere-festak-lapurtu-dizkiote201d/@@download/image/JAIZKIBEL_Dokum-1.jpg
2021/04/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Argazkiak: Irantzu Pastor @irantzupastor

“Edo guztiok dantzatzen dugu edo ez du inork dantzatzen” esaldia eguneratzen dihardu 1996. urtetik Hondarribiko Jaizkibel konpainia: “Edo guztion festa da edo ez dago festarik”. Alarde parekide baten alde egite hutsagatik beldurrari, bidegabekeriari, boikotari eta era guztietako erasoei aurre egin behar izan diete, eta horrek kikildu baino, euren jarrera irmotzera eraman ditu, eredu bilakatuz. Ixabel Alkain Etxeberria (Hondarribia, 1961) lehen kapitainarekin eta Oihana Etxebarrieta Legrand (Hondarribia, 1987) egungoarekin elkartu gara euren bizipenak ezagutu eta bide batez, euren ausardiari zor zaion aitortza egiteko.
Jaizkibel konpainia: “Tradizioaren izenean herriari bere festak lapurtu dizkiote”
  • Julen Hernandezek egin zuen ‘Alarde: tradición o machismo’ dokumentalean, “Hondarribiar batentzat zer da Alardea?” galderari “Zauden fasearen arabera” erantzun zenioten. Zein fasetan zaudete une honetan?
    Ixabel Alkain: Apur bat zaharrago eta danborra eramateko nahiko lan dauzkat –barreak–, baina nik atera nahi dut. Bizkarreko minez nago eta agian zerbait arinarekin, baina atera nahi dut.
    Oihana Etxebarrieta: Galdera egin duzun unean pentsatzen hasi naiz eta ikusten ari naiz orain hemen gaudela denok musukoarekin, eta saihestezina dela pandemiak eragin duen honetan pentsatzea, pasa den irailean ezin izan baita Alardea ospatu. Baina egia da guztiok bizi dugun arrarotasun honetan, une aproposa izan daitekeela gauzak aldatzeko. Komen artean inoiz baina lasaiago gaude, geure arazo, gatazka honi aurre egiteko, elkarrizketak berreskuratzeko, konponbidea bilatzen saiatzeko...
    I.A.: Hori da, bidea oso sakonki jorratzeko aukera oso polita da, eta uste dugu galtzen ari den urrezko denbora oso preziatua dela hau. Gu beti prest gaude hitz egiteko, baina bi, hiruk ez dute hitz egiten batek nahi ez badu.

  • Gizartea prest dagoela baina gidaritza falta dela esan nahi duzue?
    O.E.: Hori da. Une oso polita eta ilusioa piztu dezake konponbiderako, Hondarribian geroz eta jende gehiago ikusten baitugu “aski da” esaten, “eser gaitezen, konpondu dezagun” aldarrikatzen. Aldiz batzuen aldetik utzikeria oso nabarmena ikusten dugu. Erdibidean kokatu beharko lukete beraien lana.
    I.A.: Jende asko dago erdibideko eremu horretan, gehiengoa esango nuke.

  • Erdibidean kokatzen diren horiek aipatzen dituzuenean, gaia saihestera egiten dutela uste duzue (familia bazkarietan, lagun artean, kalean...)? Tabu hitza erabili daiteke? Marra gorriak daude?
    O.E.: Orain arte tabua zela esan daiteke noski; ez zen gaiaz hitz egiten eta saihestu egiten zen, ekidin egiten zen gatazka sortzen zuelako, baina orain hasi dira apurka ateratzen eta gaiaz hitz egiten. Bideo batzuk egin dituzte desberdin pentsatzen duten pertsonak elkartuz, eta hori imajinatu ere egitea ezinezkoa zen orain dela hiru urte, horregatik iruditzen zaigu une aproposa gaiari heltzeko.



  • 1993. urtean emakume talde batek, alardean era parekidean parte hartzea eskatu zenuten lehen aldiz eta bertan alardeko agintariekin izandako bileran jeneralak zera esan zuen: “Jakin beharko zenuke emakumeen ohorerik handiena dela beren senarrek ondoen lisatutako alkandora eramatea alardean”...
    I.A.: Azken 3.000 urtetan dagoen historia atabiko baten adibide bat da hori, eta gizonezkoei oso ongi etortzen zaien esaldiak dira, ez pentsatzeko helburuz jaurtiak. Geure mugimenduak pentsarazteko ere balio izan du. “Ez dut pentsatu inoiz horretan” esan zidan amak behin. “Zergatik ez? Egia da!”. Horrelako gauza berrien aurrean eta gainera emakumeok pixkanaka eremu publikoa konkistatzen joan garen honetan, hau beste adibide bat izan zen eta pertsona horiek oso esaldi atabikoak ematen zituzten.
    O.E.: Askotan pentsatu gabekoak direla esango nuke. Zuk aipatu duzun moduan, 1993. urteaz ari gara, ez orain dela 80 urte jaurtitako esaldi bati buruz... Honek ere badauka beste bigarren irakurketa bat, behingoagatik ohartzea badaudela lan ikusezin batzuk festa ahalbidetzen dutenak, hau da, ez baldin baleude emakumezkoak intendentzia lanak egiten, ogitartekoak prestatzen, arropa lisatzen... inork ezingo luke atera. “Zer gertatuko da emakumezko horiek lan horiek egiteari uzten diotenean, beraiek ere Alardean parte hartu nahi dutelako?” Honek garamatza, ez soilik Alardean gertatzen den gauza batera; zer gertatu zen emakumezkoak lan mundura sartzen hasi zirenean? Nork arduratu behar zuen umeen zaintzaz? Beraz bi ondorio atera daitezke, guk ere disfrutatzeko, mozkortzeko, ongi pasatzeko eskubidea daukagula, eta bestetik Martxoaren 8ko grebekin ikusi zen bezala, gu gelditzen garenean mundua gelditu egiten dela.

  • 1996ko irailaren 8an, 26 emakume alardean sartzen saiatu zineten lehen aldiz, irainak, kolpeak, erasoak, denetik jasa zenuten. Gainera, hurrengo egunetan, asteetan eta hilabeteetan, zabaltzen hasi ziren alardeetan sartzen saiatu zineten izenak, helbideak, telefonoak... Nola bizi zenituzten egun horiek zuek eta ingurukoek?
    I.A.: Oso oso une gogorrak izan ziren, gure eguneroko bizitza hankaz gora jarri zuelako betiko, eta noski gure familiarena, eta horrek sekulako erruduntasun sentsazioa sorrarazten zigun. Aitari egindakoak, anaiari... Ni irakaslea naiz eta ez daukat negozio propiorik, baina gainerakoei, edota gu bezala pentsatzen zutenei, boikotak zein agresio fisikoak egin zizkieten. Ni hiru aldiz izan naiz ospitalean eman dizkidaten jipoiengatik. Bikotearekin Hondarribira paseo lasai bat ematera joatea ez nuen pentsatu ere egiten, ezinezkoa zen...

 

Elkarrizketa osorik irakurtzeko GAZTEZULORATU edo GAZTEZULOko dendan 3 euroren truke eskuratu dezakezu!