Jaione Dagdrømmer: BERRI TXARRAK, 'Infrasoinuak'

Jaione Dagdrømmer: BERRI TXARRAK, 'Infrasoinuak' Berri Txarrak taldeak 'Infrasoinuak' diskoa atera berri du, eta sekulako ikusmina sortu dute; hona hemen gure musika kritikariak lan berriaz kontatu diguna! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaione-dagdrommer-berri-txarrak-infrasoinuak/@@download/image/berri-txarrak-1495034268.18.2560x1440.jpg
2017/11/30
kritika
Berri Txarrak taldeak 'Infrasoinuak' diskoa atera berri du, eta sekulako ikusmina sortu dute; hona hemen gure musika kritikariak lan berriaz kontatu diguna!
Jaione Dagdrømmer: BERRI TXARRAK, 'Infrasoinuak'

JAIONE DRAGDRØMMER:

Denbora da poligrafo bakarra lan erraldoi eta arrakastatsuaren jarraipen guztiz naturala da Infrasoinuak, ez horregatik meritu gutxiagokoa. Lortzea hain konplikatua den sinpletasuna aldarri harturik, disko batek izan behar lukeena 32 minututan sintetizatu dute: abesti bikainen bilduma. Eta disko hitza azpimarratzen dut, nabari baita abesti bakoitzaren hurrenkera bera ere erabat zaindua dagoela; adi Zorionaren Lobbya abesti puskak nola ixten duen lana.

 

Rockari muzin egin gabe, abesti gogorrenetan ere melodietarako duten zaletasuna geroz eta nabariagoa da. Aparteko musikariak, birtuosismoan erori gabe, kantuen mesedetan dihardute. Eta hori da diskoak helarazten duen onena, musika maite dutenek musika maite dutenentzat egindako lana dela. Etiketarik gabe, kalitatea erruz. Zeren batzuetan ahaztu egiten zaigu, baina sorkuntzarako ezinbesteko minimoa zerbait esateko izatea da. Eta kasu honetan bezala, esan nahi dena argi dagoenean ez da apaindurarik behar emozionatzeko.