Jaio Lertxundik 'Mari, Lamiak eta basoko aztarnak' argazki-erakusketa jarri du Iruñean
Jaio Lertxundi artista bisualaren Mari, Lamiak eta basoko aztarnak erakusketan naturako elementuak elkarlotzen dira. Iratiko oihanean 2019an hartutako naturako eszenak biltzen dituzten zazpi argazkik osatzen dute erakusketa. "Gizakiei naturara itzultzeko eta hura zaintzeko deia egin nahi die, bizitzarako duen garrantziagatik". Lertxundik gizakien, basoaren eta zuhaitzen arteko harremana aztertzen du bere argazkien bidez, arte jasangarriaren alde. Alde batetik, fantasia, beldurra, magia eta mitologia dago, eta, beste aldetik, berriz, naturaren zaintza.
Lertxundik gizarte-kontzientzia sortu nahi du, "lurrari dagokion lekua itzuli eta gizakiaren eta naturaren arteko antzinako sinbiosi hori berrezartzeko eta, elkarrekiko zaintzan oinarritutako izaki bakar bat sortzeko".
Argazkietan lurra besarkatuz korapilatzen diren sustraiak, zuhaitzen eta mendien isla uretan, zerua harramazkatzen duten adarrak, edota haizetan dantzan dabiltzan eta lurra estaltzen duten hostoak ageri dira.
Jaio Lertxundi (Donostia, 1977) Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan aritu zen ikasten eta argazkigintzara jo zuen, lehenengo Bartzelonako Bideo Ikasketetako Zentroan eta gero Institut d´Estudis Fotográfics de Catalunya / IEFC Barcelona eskolan. Tuterako Castel Ruiz Kultura etxean, Bartzelonan, Reusen, eta Tarragonan erakutsi du bere lana.
Erakusketa maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik, Ziudadelako Labean.
