Jainkorik existituko balitz erleak izan behar lukete

Jainkorik existituko balitz erleak izan behar lukete Gaur Erleen Nazioarteko Eguna da eta argi dagoena da beraiek gabe etorkizun ilun batera goazela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jainkorik-existituko-balitz-erleak-izan-behar-lukete/@@download/image/IMG_9864.jpg
2021/05/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gaur Erleen Nazioarteko Eguna da eta argi dagoena da beraiek gabe etorkizun ilun batera goazela.
Jainkorik existituko balitz erleak izan behar lukete

Izan ere, kontsumitzen ditugun elikagaien %75 euren polinizazioaren baitan daude. Horregatik da hain kezkagarria Europako erle populazioaren %37an gainbeheran egotea. Erleek egiten duten lana dirutan jarri behar bagenu milioika euro eta lan ordu lirateke, beraz, ez da txantxetako kontua. 

Erleak uste duguna baino garrantzitsuagoak dira. Intsektu hauen polinizazioaren baitan daude mundu mailako elikagaien ekoizpena eta bioaniztasuna. Euren polinizazioa prozesu natural bat da loreak ugaldu daitezen eta horrela fruituak eta haziak eman ditzaten. Erleak eta tximeleta edo erlastarra bezalako intsektuak dira prozesu honen arduradunak, alabaina, euren populazioak murrizten ari dira modu asaldagarrian. Polinizazio prozesua mehatxatzen duten faktoreen artean euren bizilekuen galera, nekazaritza industrializatuaren praktikak eta pestizidak, parasitoak eta gaixotasunak, landare eta animalia inbaditzaileak eta aldaketa klimatikoaren eraginak daude. 

Nekazaritza ekologikoak aldiz, ekoizpen osasuntsu eta jasangarria eskaintzen du, lurra, ura eta klima babestuz eta bioaniztasuna bultzatuz. Beraz, kontsumitzaile bezala jaten dugun hori nondik datorren eta nola ekoitzia izan den kontziente izatea garrantzitsua da. Hau da bidea, zeren bestela, erlerik gabeko mundurantz goaz, edo beste modu batera esanda: galbidera.