Jaime Valverde (Kafie eta berba): "Antzerkia gure kulturaren funtsezko alor -eta altxor- bat da"

Jaime Valverde (Kafie eta berba): "Antzerkia gure kulturaren funtsezko alor -eta altxor- bat da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaime-valverde-kafie-eta-berba-quotantzerkia-gure-kulturaren-funtsezko-alor-eta-altxor-bat-daquot/@@download/image/argazkia-jaime__1449174218.jpg
2015/12/04
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)

Musikaz eta literaturaz haratago, antzerkiak ere Durangoko Azokako egitarauan tarte geroz eta handiagoa du. Hori indartzeko asmoz lanean ari den eta bihar 12:00etan nagusituko den ‘Kafea eta berba’ espazioaren antolatzailearekin izan dugu, Durangoko Azokaren harira, bigarren elkarrizketa.


Bihar, larunbata, egingo duzue ‘Kafie eta berba’ Durangoko Azokan. Zein da espazio honen jomuga?

Euskal antzerkiari buruzko solaserako espazioa izanik, liburu salmentaz eta ikuskizunez gain, Szenatokia gunearen atzetik gabiltzan elkarteok (San Agustin Antzokiak eta EHAZEk) antzeman genuen euskal antzerkiak duen gabezietako bat eztabaida eta komunikazio guneak direla. Helburu horrekin planteatzen dugu urtero: euskal kulturaren ekitaldirik garrantzitsuenean antzerkia ere mintzagai izan dadin.

Noiz antolatu zenuten lehen aldiz?

Duela hiru urte antolatu genuen estreinakoz. Aurten, beraz, hirugarren aldia izango da. Lehenengo urte hartan Catriona Campbell antzerkilari eta ikerlari eskoziarra gonbidatu genuen eta egoera soziopolitikoaren eta antzerkiaren arteko harremanaz mintzatu ginen, Oier Guillan, Ixabel Etxebarria eta Josu Kamara ere tartean zeudela.

Aurten antzerki eskolak mintzagai izango dituzue. Hitzorduaren aurrerapenik egin dezakezu? 

Antzerkiaren esparruan proposa daitezkeen gaien artean, erabat funtsezkoa da irakaskuntzaren eta transmisioaren gaia. Gure proposamena mahai-inguru horizontala egitea da. Solas ireki bat non antzerkiaren irakaskuntzan aritzen diren eragileak (irakasle zein ikasle, profesional zein amateur, haur zein helduen eskolak...) protagonista diren. EHAZEren aldetik moderatzaile eta gidoi orokor bat eskaintzen dugu, eta hortik aurrera parte hartzaileen eztabaidak bere bidea egingo du.

Zein da urtetik urtera espazio hau antolatzeko jarraitzen duzuen dinamika?

Urtero gai erakargarri bat aukeratzen saiatzen gara, eta asko dira antzerkiaren inguruan jorratu beharrekoak. 2013an egoera soziopolitikoa eta antzerkia; 2014an antzerki sorkuntzak sustatzeko deialdiei buruz aritu ginen, eta deialdion antolatzaile zein irabazle zenbaitek parte hartu zuten. Aurten antzerki eskolak. Hiru kasuetan mahai-inguru formatuarekin; aurreko bietan hizlariak aukeratu badira ere, aurten deialdi ireki bat egitea erabaki dugu, parte-hartzaileagoa.

50. urteurrenaren harira are bereziagoa izango da aurtengo ‘Kafie eta berba’? Zertan bereiziko da aurreko edizioekin?

Urteurrenarekin, Azokaren antolakuntzaren aldetik nabarmendu nahi izan den alorretako bat gazteen presentzia izan da. Azken finean, 50. urteetara ailegatzean, plantea daitekeen asmorik onena beste 50 urte irautea da, eta horretarako belaunaldien arteko transmisioa indartu beharra dago. Gazteak dira euskal kulturaren bermea, baita antzerkiaren kasuan ere, noski. Horrek, besteak beste, pentsarazi zigun irakaskuntza hartu behar genuela hizpide 50. urteurren honetan.

Espazio honen antolatzailea izanik zein balorazio egiten duzu ‘Kafie eta berba’ ekimenaren ibilbideaz?

Ibilbide laburra dugu eta esan daiteke finkatzen ari dela oraindik. 2013. eta 2014. urteetan egindako saioen balorazioa positiboa izan zen, nahiz eta 2014an entzule gutxiago etorri. Hain zuzen, jendearen partaidetza da funtsezkoa. Aurten ere Azoka bukatutakoan egingo dugu balorazioa, eta horren arabera jokatu hurrengo urtean.

Zein da, zure ustez, gaur egun antzerkigintzak duen egoera Euskal Herrian? 

Antzerkia, oro har, ez da gehiengoak maite duen genero bat; zinema, musika, edo literatura baino askoz baztertuago dago gizartearen zaletasun-eskalan. Euskaraz egiten denak, gainera, leku txikiagoa du oraindik. Hala ere euskal antzerkiak eutsi egiten du, txikitasun horretatik, eskaintza gero eta anitzago eta kalitate handiagoko batekin. 

Eta antzerki eskolek zein egoera dute?

Antzerkiak behar duen ekosistemaren hutsune kezkagarrienetako bat irakaskuntza da, hain zuzen. Urte asko eman dugu erreferenterik izan gabe, han-hemenkako esperientzia isolatuekin aurrera eginez. Antzerkia euskaraz ikastea kimera bat izan ohi da, eta horregatik nabarmendu beharra dago Aulesti Topaketen ekarpena, Artedramaren ekimenez, basamortu horretan oasi ia bakarra izan baita hamar bat urtez. Orain, azkenean, eremu publikotik heldu da hainbeste behar genuen Goi Mailako Eskola, irailean lehenengo kurtsoarekin hasi dena, eta benetan txalotzekoa da administrazioak euskararen alde egin duen apustua proiektu horretan. Gauzak ondo bidean, Eskola hori egundoko hauspoa izango da etorkizuneko antzerkigintzan, bizirauteko sostengua ematen bazaio behintzat.

Eta zentzu horretan, zenbaterainoko garrantzia du zure ustez topaketa honek, Durangoko Azokaren baitan, Euskal Herriko antzerki eskolentzat?

Goi Mailako Eskola horren agerpenak eratzen duen paisaia berrian, baina baita bestela ere, oso garrantzitsua da topaketa hau, gure ustez. Irakaskuntzan aritzen diren lagunei eta ezagunei entzunda badakit eskolen arteko elkarlan edo behintzat harreman bat izatea asko erraztuko lukeela bakoitzaren lana: esaterako, materiala trukatzeko. Baina edozein modutan, geure aldetik gonbitea eta espazioa eskaini besterik ezin dugu egin, hortik aurrera interesatuek ematen dioten garrantziak beteko du espazioa modu batera ala bestera. Azken finean, horretan diharduen jendeak ikusiko du noraino izan daiteke interesgarria parekoekin bildu eta hitz egitea. 

Antzerkigintzak badu nahikoa tarterik Durangoko Azokan? 

Lehen komentatu bezala, antzerkiak ez dauka pisu handia gizartean, tamalez. Gehitu horri Azokak tradizioz izan duen izaera: antzerkia ez da ez liburuetan ez diskoetan kabitzen, eta Durangon daukan tartea horren araberakoa da. Gainera, Szenatokiaren kokaleku fisikoak, Azokaren erdigunetik 300 bat metrotara, ez du laguntzen bisitari kopuruan. Hala ere gu lanean ari gara urtez urte antzerkiaren tarte hori gero eta handiago izateko. Gauza bat argi dago: antzerkia gure kulturaren funtsezko alor -eta altxor- bat da.

Aurrerantzean zein izango da ‘Kafie eta berba’ ekimenaren erronka nagusia?

Ekimen guztiekin bezala, ikusgarritasuna eta partaidetza lortzea da erronka. Ahalegindu behar gara bisitariak gurera erakartzen. Erronka gogorra da dinamikak nahiko ihartuta daudelako Azokan. Iruditzen zait jende asko urteroko erromesaldian baletor bezala hurreratzen dela askotan, betiko lekuak bisitatzeko eta betiko gauzak egiteko. Oso gauza euskalduna hain zuzen. Dinamika horietan antzerkiarekin zerikusia duten proposamenak, Kafie eta Berba barne, txertatu beharko genituzke.

Amaitzeko, zer erranen zenieke GAZTEZULOko irakurleei?

Kitzikatuko nituzke Azokara beste modu batez etor daitezen. Uste dut, gainera, oso osasungarria dela ohiturak aldatzea. Azokak daukan ezerosotasunetako bat jende pilaketa da, edo espazio berberetan ordu piloa ematea. Szenatokira gerturatzeko gonbitea egingo nieke irakurleei, gutxitan bisitatutako gune hori ezagutzeko. Ez daukagu beste gune batzuek duten ekitaldi sorta, baina dauzkagun proposamenak oso interesgarriak dira, eta desberdinak. Kafie eta Berbaz gain, antzerki maratoia igandean, "Eskutitzak" antzezlana astelehenean eta euskal zirkoaren erakustaldia asteartean, adibidez.