Jaiki da Xiberoa

Jaiki da Xiberoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaiki-da-xiberoa/@@download/image/20113308505amar_1361527872.jpg
2011/04/01
erreportajea
Testua: Igone Fernandez eta Raul Perez
Amaren alabak taldearen, Ozke rock bandaren, Joanes Etxebarria eta xan Alkhat bertsolarien eta Jef Goihenexpe aktorearen ekarpenak Xiberoako gazte ekintzaileen emariaren lekukoa dira. 

"Agian egün batez jeikiko dira egiazko xiberütarrak", zioen kantoreak. Zein ote diren egi-egiazkoak ez dakigu baina, dudarik gabe, zerbait mugitzen ari da Pirinio magalean. Aktoreak, abeslari finak, bertsolariak eta rockerrak. Gazteak eta eukaldunak, eüskaldünak.

Amaren alabak, sustraietatik aitzinera

Abesteko tradizioan sustraituta egon arren, kantak era polifonikoan, eta ahots teknika eta joko berriez taularatzen dituzte, kantu molde tradizionalak eta eragin modernoak nahastuz. Horixe da Zuberoako sei neskek Kukai dantza taldearekin eta Oreka Tx-ren txalaparta hotsekin batera osatu duten Hostoak ikuskizuneko aurkezpenean Amaren Alabak taldeari buruz irakurtzen ahal dena.

Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar dira. Bozaren indarra moldatuz emaitza zirraragarriak lortu dituzte, beti ere a capella, eta aho zabalik utzi gaituzte. Tradizionalisten aldetik kritikaren bat edo beste jaso dutela diote, “Tradizionalistak ez dütügü kanbiatzen ahal. Egiten dügün lanarentako zonbaitek erraiten deiküe antzerki egiten dila... ez gira ororen güstüko izaten ahal... bena egiten dügüna maite dügü eta hori da inportanteena”.

Maite dute, bai, 1999an Jean Mixel Bedaxagarren Ama ikuskizunaren azken kantorean parte hartu zutenetik. Horregatik Amaren Alabak. Zuberoako plazetan ibili ziren gero, txapelketetan parte hartu, irabazi... harik eta 2004an, Nicole Lougaroten laguntzarekin, Andere gatik ikuskizuna sortu zuten arte. 2007an heldu zen haien lehen diskoa, eta 2009an Sustraietatik Hostoetara lanean parte hartu zuten Kukaiekin eta Oreka Tx-rekin. Orain, ber ildotik, Hostoak aurkezten ari dira Euskal Herrian barrena: “Guretako esperienza izigarrikoa da, gaüza hanitx ikasten dügü; erritmoan kantatzen müsikalari eta dantzarirentako...”.

Hostoak eszenaratzeak seikotearen aurpegi teatrala are gehiago nabarmendu duela esan liteke, nahiz eta eurentzat abestiek duten lehentasuna. “Lehenik kantoreak hautatzen dütügü eta gero dügü koreografi ttipi bati pentsatzen”. Nolanahi ere, hau guztia hobbya dute momentuz: “Bakotxak bere ikasketak edo lana badü eta Amaren Alabak egiazkiz plazerantako da, profesional mailan ez gira sartü nahi!”.

Euren herrietako gainerako gazteez galdetuz gero... “Xiberoan gazteak higitzen dira maskaradetan edo pastoraletan parte hartzeko. Agitzen dena da eüskara jakin gabe eta kültüran deus ere ezagütü gabe egiten düela, eta hori damügarri da, penagarri guretako. Halerik ere parte ttipi bat beste eüskaldün gaüzentako higitzen da eta ekimen desberdinetan parte hartzen düe eta dügü”.

Bestalde, “Orotan bezala eüskara gibel ari da Xiberoan. Gazte hanitxek eüskarik ez düe emaiten aitetamek ez beiteie ikasi edo badakie bena ez düe eman nahi ahalkez... hala ere ikastolak ez dü sekülan egün bezain beste haurrik üken. Behar ere ikastolak eta gaü eskolak hor dira eüskararen salbatzeko!”. Eta sei neska hauena bezalako ekimenak ere bai!

Ozke, doinu gogorragoak

Kantatzea ohitura errotua da Zuberoan, baina ez hainbeste rocka egitea. Hala ere, Klod Etxeberrik (ahotsa eta gitarra) anaiarekin batera 1997an abiatu zuen proiektu hau. Gutxira, Bilintx atabalaria batu zitzaien eta Niko Etxarten estudioan grabaketak eginda maketa bat agertarazi zuten, baita izena hautatu ere: Ozke. 1998an heldu zen R" dizka lauetan lana. Jerom Diribarne (gitarra) eta Pat Abila (baxua) sartu ziren taldean 2005ean, eta halaxe jarraitu dute gaur arte; “Eüskal rocka jokatzen, Xiberoatik eta Xiberotarrez”. Garai bateko Ikus, eta Iron eta Maider-ekin batera, Muskildin elkargunea duen laukotea da Zuberoan honetan dabilen bakanetakoa. “Ez düt erranen gük egin kantoreak fantastikoak direla bena, hemen erraiten dügünez, ahal dügün bezala egiten dügü”, dio Etxeberrik apaltasunez.

Urte hauetan guztietan, euren abestien mezuek bide bertsutik jo dute: “Kantorietan aipatzen dütügü mündü hontako tristeziak, nola behar dügün alkar atxiki gure mintzajea erabiltez, gure ontarzunak begiratzez”. Hilaren 16an aurkeztuko dute disko berria Bardozen, Xarnegu egunean. Etxeberriak berak argitu digunez, “Gazteen etxea date izenbürüa”, eta, besteak beste, Niko Etxartek eta Ania Bidalünek parte hartu dute lanean. “Tartean kantore ezti-ezti bat izanen da: Ni niz balada”.

Musika afizio dute oraingoz eta, ofizio bihurtzeko asmoez galdetuta, geroari pasatu diote ardura: “Momentukotz, jarraitzen dügü, geroak erranen deigü nola eta zer egin”. Baikorrak dira Zuberoan gazte jendearen artean dagoen mugimenduarekin eta ideia berri asko sortzen ari direla dio Etxeberriak: “Elkarte hanitx badira hemen ikusketak, antzerkiak, dantzak, maskaradak... antolatzen”.

Euskarak, ordea, oraindik ere bultzada bat haboro edo gehiago behar duela uste du: “Maleruski, Xiberoan ere ez dira denak eüskaraz ari, lerratzen beigira zale zalea frantsesalat... indar bat haboro behar dügü egin besteer bürrüz joaiteko”. Baina gero eta gehiago omen dira ikastoletan eta etxean euskaraz ikasten duten haurrak, eta beraz... “Erran nioke eüskarak badüela etorkizün segür bat Xiberoan pürü”. Gazteek ere horretan segitzen dutela dio, “Jarraiki behar dügü urrats hori, erabili Xiberoan ere eüskara, hedatü, besoak zabaltü...”. Asmo horrendako ekarpen polita da Ozkerena.

"Xiberua zinez": osaba-ilobak, literatura eta bertako parajeak

Hebentik elkarteak sortutako egitasmoa da Xiberoa Zinez. Zuberoan eta zubereraz egingo duten lehen film luzea –izenburua zehazteke dago–. Gauzak ondo, uztailean errodatuko dute. Peio Cachenaut, Jef Goihenexpe, Ttittika Rekalt eta Allande Errezaret dira proiektuko partaideetako batzuk. Cachenautek zuzenduko du pelikula, eta Goihenexpek, Rekaltek eta Errezaretek rol nagusiak jokatuko dituzte. Drama iluna du buruan zuzendariak, behin gidoia eginda.

Osaba-iloben istorioa da pelikularen muina. AEBetatik itzuli ostean Zuberoan artzain diharduen sasi idazlearen eta, egunerokoarekin nazkatuta, idazle sena piztu zaion gaztearen arteko harremana. Jef Goihenexpek jokatzen du ilobaren rola. “Egünoroztako biziak itorik, sorküntzari lotzen zaio idazpenaren bidez. Ez dügü hortan denbora-pasa bat ikusi behar, bena bere bizi baldintzek sortürik beharrüne bat”, azaldu du Goihenexpek ispiluari begira, gorpuztuko duen pertsonaiari begira.

Pertsonaiatik pertsonara. “Ez niz artisten mündütik jiten, bestaldetik ez düt ogibide berri bat txerkatzen. Den bezala hartzen düt: hic eta nunc den ezohiko gaüza”.  Euskaraz aritzea ere bada nahikoa erronka: “Filma baten eüskaraz egitea desafio bezala agertzen zait. Aita eüskaldün izanik ere, ez düt eüskara etxen ikasi bena AEKn. Xiberoko gaü eskolan sartüz geroz, ez niz mementoko seküla elki alkarte hortarik, orain erakasle gisa lanean ari beiniz”.

Zubereraz eginiko lehen pelikula izanagatik, lan taldearen buruan ez dago soilik euskalkiari bultzada ematea: “Eüskara bat eta hameka badela, hori da enetako izaiten ahal filmaren ekarpena. Eüskalkiak eta eüskarak bat egiten dü, ez beita ihor ere Xiberoan eüskara batuaz mintzatzeko. Eta, bat izanik ere, filmak mintzajearen begitarte ezberdinak erakutsiko dütü, erran nahi beita: etxen ikasirik eta eskolan, baita ere ahozkoa eta idatzirik, belaünaldi ezbardinekoak”.

Hebentik elkartea da proiektuaren zutabea. Zer da Hebentik? “Jenteen iküsmoldea da iküsgarriak egitüra pezüzkoak eta handiak izan behar direla eta sos ekarpen handiak galtatzen dütüenak. Hebentik alkarteak, aldiz, beste ildo bat sortü edo azkartü dü, gaüzak barna bezain xüme egiten ahal direla erakustez. Filma epe lüzeko xede bat da. Denbora batetan, zine gaüaldiak antolatürik dirate herrietan. Jenteak ez beitira zinemalat joaiten, zinema ekarriko deie alkarteak”.

45.000 euro beharko dituzte filma egiteko. Lagundu nahi duten guztiek Zuberoan salgai jarritako 50 euroko laguntza txartelak erosi besterik ez dute. “Güre herria ttipi izanik, herotsa etxez etxe fite kurritzen da. Goiz ala berant, Hegoaldean traktak ere atzamanen dütüzüe gaztetxeetan ala kültür akarteetan”.

Bertsolzaletasuna hauspotzen

Musikarenak eta zinemarenak ez ezik, bat-batekotasunaren, hots bertsolaritzaren bihotzak ere taup-taup egiten du Zuberoan, hein handi batean Mauleko bertso eskolari esker. Joanes Etxebarria 26 urteko barkoxtarra da bertako bertsolaritzaren enbaxadorea. Joan den urteko Iparraldeko Bertsolari Txapelketan finalera iritsi zen, eta txapelketa guztian zehar bezala, finalean ere zubereraz kantatu zuen. Joanes Etxebarria 12 bat urterekin kateatu zen bertsolaritzara. Kanboko kolegioan Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta ezagutu zituen. “Haiek entzütean gozatzen nüen”. Baionarra da jaiotzez, zenbait urtetan Nafarroa Beherea izan du bizileku eta orain Xiberoan bizi da. “Maulera jin nintzen lan egiterat eta bertso eskola batean parte hartzea nüen orduko nahikündea”.

Biek Mauleko bertso eskola izan dute topaleku. “Giroari lotu nintzen eta bertsoa obsesio bihurtü zait. Xiberoako bertso giroa izigarri interesgarria da. Jende ezberdina biltzen gira, adin ezberdinetakoak eta horrek aberasten gaitü”, dio Joanes Etxebarriak. Une honetan eskolak Xiberoko Botzan du egoitza. “Ea egün batez, bertso eskolak bere egoitza ükaiten düen, ageriko, bainan Xiberoko Botzan üntsa gira düdarik gabe”, azaldu du Xan Alkathek.

Bertso eskolaren ekarpenarekin pozik dira biak. Etxebarriak dioenez, “Güre taldea sortü eta bertso saio batzük antolatzen joan ginen Mauleko bestetan, edo sariketa batzüetako kanporaketa edo finala bat ere antolatüz eta bertso proposamena ekarri genien xiberotar gehiagori. Bertsozaletasuna piztu dügüla erratea gehiegizkoa litzateke, baina jende mültzo bat bai biltzen da aldi oro”. Xan Alkathek nabarmendu du Johañe Sarraillet gaztea hasi dela eurekin bertsotan. “Gazte bat gürekin aritzeak ere motibazio berria ekartzen digü güri”. Bertso eskolaren ekimenak ere zerrendatu ditu Alkathek: “Lextarreko Plaxota deitü plazan, bertso saio bat antolatzen dügü Mauleko herriko besten denboran, eta harat hurbiltzen den jendea ere laketzen dela üste düt”.

Gau eskolaren eta Xiberoko Bozaren bultzadapean ere saio batzuk egiten dituzte. “Badakit ere saio zonbait Zinka ostatüan egin izan ditügüla eta erran nezake hori dela lekü egokienetarik bat, nahiz eta bültta hüntan ez saiorik antolatü bertan. Azken saioa bertan joan den üdan egin ginüen Julio Soto, Patxi Iriart, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegirekin, eta saio bikaina izan  zen gainera!”.

Etxebarriak zubereraz abestu ohi du: “Lanean xiberotarrez dihardu, xiberotarren bizi naiz egunerokoan, zergatik behar nüke batüaz kantatü? Egia da güreak kolore berezia düela, baina eni naturala idüri zait Xiberoa, Baxenafarroa eta Lapurdiko txapelketan xiberotarrez kantatzea”. Xan Alkathek, aldiz, ez du zubereraz kantatzen: “Plazer bat litaike mentüraz zonbait bertso xibereraz kantatzea, bainan ez düt üste sekülan menturatuko naizenik, hori xiberotarrei üzten diet”. Hori bai, buruan ideiak bor-bor ditu: “Nahi nüke xibereraz eginiko errimategia sor dadin. Xiberotarren hitzak biltzea eta ahal bezain üntsa sailkatzea ideia polita dela uste dut”.

Kultura da Joanes Etxebarriaren aburuz Xiberoaren “adar azkarrena”. Hala ere, euskal kultura arriskuan ikusteko arrazoirik ere badago haren ustez. “Eüskara bizirauten dihardütenak herri mügimendüak dira eta, salbuespenak salbuespen, euskararekiko ezjakintasüna eta mespretxüa nagüsitzen dira”.

Maskaradatik haratago, horrenbestez, bada euskal eta euskarazko kultur ekimen gazterik Xiberoan.