Jaialdi erraldoien txanda

Jaialdi erraldoien txanda https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaialdi-erraldoien-txanda/@@download/image/21p10-1.jpg
2002/07/05
erreportajea
Julen Azpitarte
Jaialdi erraldoien txanda
Musika, jaia, dezibelioak, argi watt-ak… Uda iritsi ahala, musika nagusi bihurtzen da. Musika jaialdi erraldoiak han eta hemen izaten dira. Hona hemen etengabe musika entzutea gogoko duzuenontzat gida.

ESPARRAGO
Uztailaren 11tik 13ra bitartean. Jerez de la Frontera (Cadiz)
Bide luzea egina du jaialdiak, jada 14. edizioa baita. Ibilaldi luzea ospatzeko, eskarmentu handiko artistak ekartzea erabaki dute aurten: Iggy Pop, Detroiteko iguana, Garbage, Orishas, Dover, Bunbury... Antolatzaileek pop-rocka, elektronika eta flamenkoa uztartzea dute helburu. Bertan izan direnek jaialdiaren inguruan sortzen den giroa nabarmentzen dute. Rock talde berrien lehiaketa ere antolatzen dute eta Andaluziako produktuz beteriko artisautza azoka ere egoten da. Ah! Europako jaialdirik merkeena da eta gainera!
www.festivalesparrago.com

BENICASSIMGO NAZIOARTEKO JAIALDIA
Abuztuaren 2tik 3ra bitartean. Benicassim (Castello)
Ospe handiko jaialdia. Aurtengoa zortzigarren edizioa da eta kartela luxuzkoa da pop soinu modernoak maite dituztenentzat: Radiohead, Suede, The Cure, Paul Weller, Primal Scream, Los Planetas edota Mercromina. Jendetza handia, hondartza, laburmetraiak, dantza garaikidea, moda, artea, antzerkia eta nola ez dj-ak barra-barra. Kanping-denda jartzeko beta ere badago. Modernoenentzat proposamen bikaina! Koloretako betaurrekoak jarri eta aurrera!
www.fiberfib.com

U-ZONA REGGAE

Abuztuaren 2tik 4ra bitartean. Torelló (Katalunia)
Soinu tropikalek ere badute beren txokoa jaialdien zerrenda honetan. Horretarako Katalunia aldera jo beharko dugu. Hamargarren urteurrena du gainera jaialdiak. Antolatzaileek azaldu digutenez, aurtengo edizioaren aurkezpena Euskal Herrian egiteko asmoa dute. Luciano, Buju Banton eta Ras Ites izango dira izen garrantzitsuenak, baina beste hainbat talde ez hain ezagun ere bertan izango dira: Forward, Realize edo Louis M´Bomio, beste batzuen artean. Musika ez ezik , perkusio eta dantza tailerrak eta ilea kizkurtzeko beta izango dute handik igarotzen.

LA ROUTE DU ROCK

Abuztuaren 9tik 11ra. Saint-Malo (Frantzia)
Saint Pereko fortean egiten den makro jaialdi honetan denetarik topa dezake bisitariak, betiere musika moderno eta dantzagarria gustuko izanez gero. Jaialdi honetan izango dira, besteak beste, Divine comedy, Kid loco, destroyer, the bees. Bertara joan nahi izanez gero, aurretik sarrerak erosteko aukera bada.
www.laroutedurock.com

ELECTROGAIA

Abuztuaren 14an eta 15ean. Oiartzun (Gipuzkoa)
Euskal Herritik atera gabe, musika elektronikoa gustuko duzuenok aukera bikaina izango duzue Oiartzungo Itzela aretoan. Hirugarren urtea du Electrogaiak, eta bertan musika mota honetako hainbat izar bilduko dira. Stancey Pullen, Sideral, Richie Hawtin, Oscar Mulero…Guztira ia 30 bat artista bilduko dira Itzela aretoan. Atsedenik gabe dantzatzeko beta!
www.electrogaia.com

READING FESTIVAL
Abuztuaren 23tik 25era. Reading (Inglaterra)
Ingalaterrako rock musika jaialdi esanguratsuenetako da, eta bertan talde ezagun eta puntako ugari bildu ohi dira. 55.000 lagunentzat dago tokia eta hiru egunetarako sarrerak 90 libera esterlina (57,5 euro) balio ditu. Bertara joateko zalantzan bazara, gonbidatutako taldeak ikusita, zalantzak hegan doaz. Ash, Pulp, Janes Addiction, The Prodigy…
www.reading-festival.com

SERIE Z

Irailak 6 eta 7. Jerez de la Frontera (Cadiz)
Punk rock eta Rock and roll zaleek jaialdi honetara joateko irrikitan beharko dute egon. Gitarra zorrotzek eta rock and roll gordinak zure odola bor-bor jartzen badute, hobe duzu dirua aurrezten hastea. Hanoi Rocks, The Dictators, The Bellrays, Supersuckers, Nashville Pussy, The Nomads, Southern Culture on the Skids, Diamond Dogs, Señor No... kiskalita bukatuko duzu!
http://serie-z.iespana.es/serie-z