Jaiak eta drogak, lagunminak?

Jaiak eta drogak, lagunminak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaiak-eta-drogak-lagunminak/@@download/image/9p28-1_1369218368.jpg
2001/06/01
erreportajea
Jaiak eta drogak, lagunminak?
Jaiak eta alkohola, jaiak eta droga. Eskutik omen doaz beti. Zergatik ote? Arazo bat dugu gai honetan: zer moduzko drogak hartzen dira? Kalitatez, onak al dira?


Zorionez edo zoritxarrez, drogak jaien ezinbesteko osagarria dira gehienentzat. Alkohola ere droga da, noski, eta nork pentsa dezake festa "on" batzuk alkoholik gabe ospa daitezkeela? Inork gutxik. Zahar batzuek diotenez, gaur egun mozkorrak besterik ez daude jaietan. Gehiegitxo esatea da, baina horrez gain, oroimenak ziria sartu die, betidanik jaiak eta alkohola oso lotuta egon baitira. Urteetan eta mendeetan atzera eginez gero, erromatarren jaietan jendeak ikaragarrizko aitzurrak harrapatzen omen zituen. Aspaldiko kontua da, beraz.

Zertarako edaten ote dugu? Batetik, argi dago ohitura dela eta lagunartean gaudenean askotan tabernetara zerbeza pare bat edatera joaten garela. Bestetik, alkoholaren eraginez, gure burua askeago ikusten dugu, normalean egingo ez genituzkeen gauzak egiteko gai. "Kultura guztietan, jaietan egunerokotasuna eta arauak apurtzen dira. Horrexegatik, mozorrotu egiten gara, ez dugu lan egiten, ordutegiak aldatzen dira eta gizartea hankaz gora jartzen dugu. Drogak eromen horretan sartzeko erabiltzen ditugu", adierazi digu Martin Barriuso Kalamudia elkarteko kide bilbotarrak.

Haxixak, speedak edo kokainak ere zale asko dituzte festetan. Are gehiago, festetan gazte askok lehendabiziko aldiz hartzen dute droga hauetakoren bat. Ez da oraingo kontua. Martinek dioenez, "garai batean emakumeak honelako ospakizunez baliatzen ziren tabakoa erretzeko".

Zaborra nagusi
Baina, galdera da, alkoholarekin zabor dexente sartzen badigute, zer ez ote digute sartuko droga hauetan? Legez kanpokoak direnez, ez baitago kontrol zorrotzik egiterik.

Kalamudia elkartea legez kanpoko drogen kalitatea aztertzen hasi zen duela bi urte Bilboko Aste Nagusian. Joan den urtean ere Bilboko festetan izan ziren, baina esperientzia Gasteizera, Gernikara eta Basaurira zabaldu zuten. Hautsi taldeak ere gauza bera egin zuen iazko sanferminetan, Iruñean. Jendeak haxixa, speeda, kokaina, pilulak... eramaten zituen azterketa lekuetara eta han drogak nolako kalitatea zuen esaten zioten. Zer moduzko drogak hartzen dira jaietan?
Egia esan, datuak ez dira batere onak. Kalamudiak bi urteotan hartutako laginak aintzat hartuz gero, gehienetan jendeak zaborra baino ez du hartzen. Martinen esanetan, haxix dosien %75, kokainaren %90 eta speedaren %100 kalitate txarra edo oso txarrekoa da. "Speeda oso txarra da benetan", dio Martinek. Pilulei dagokienez, aztertutako erdia balekoa zen. Speed hutsezko pilulak, kalitate aldetik oso txarrak, oso gutxitan topatu dituzte. "Kontua da jendeak gero nola hartzen dituen pilulak. Sekulako astakeriak egiten baitira, gau bakar batean pilula mordoa jatea edo astebururo hartzea, adibidez. Antza, behin pilulak hartuta, gorputza suspertzeko, lau astetik sei astera bitarte utzi behar dira berriro jan baino lezhen. Horregatik, tentuz ibili ezean, luzarora depresio arazoak sor daitezke", diosku Kalamudiako kideak.

Udan okerrago
Beraz, ez legezko drogen kontsumitzalieei ziria sartzen diete, nolabait. Martinek dioenez, ordea, aizunketa edota adulterazio gehienak ez dira arriskutsuak izaten.
Hau dena urte osoan gertatzen da. Hala ere, udan kalitate okerragoko droga saltzen omen da. "Gehiago kontsumitu eta prezioek gora egiten duten arren, kalitatea jaitsi egiten da", azaldu digu Martinek.

Datorren udan ere mota honetako azterketak egingo dira Euskal Herriko zenbait herritan. Kalamudiak, ordea, alde batera utziko du ekimen hau. "Lan gehiegi hartu genuen. Horrez gain, gu kalamu kontsumitzaile elkartea gara eta gurea ez den esparru batean sartzen ari ginen. Dena den, Kalamudiako zenbait lagunek, elkartetik kanpora eta beste elkarte edo erakunde batzuen laguntzarekin, horretan jarraitzen dugu. Azken boladan, adibidez, Hazkunde elkartearekin bat, drogen kalitatearen azterketak egin izan ditugu Bizkaiko zenbait diskoteketan, eta laster Gipuzkoara eta Arabara jotzeko asmoa dugu. Diskoteken barruan mota honetako azterketak egiten diren lehen aldia da Hego Euskal Herrian eta Espainian", dio Martinek.

Milaka botila



Jaien hasieran xanpaina botilak irekitzea ohitura da toki askotan. Iruñeko iazko txupinazoaren ondoren 26,2 tona beira jaso zituzten garbitzaileek. Hamabi kamioi behar izan zituzten botila guztiak jasotzeko!

Argi ibili autorekin!



Joan den urteko abuztuan, jaiak zirela, oporrak zirela, 32 lagun hil ziren Euskal Herriko errepidetan. Hau da, batez beste, egunero hildako bat. Ildo honetatik, 2000. urtean Baionako bestetan “Gorriari kasu egin” izeneko kanpaina egin zuten bigarren urtez. Helburua: mozkorrek autoa ez hartzea. Horretarako, edandako alkohol kopuruaren berri jakiteko testak eskuragai zituen jendeak. 

Ajearen kontrako sei aholku



1. Paseoan ibil zaitez.
2. Buruko minaren kontra, murtxika ezazu perexil fresko apur bat.
3. Otorduetan barazkiak eta fruituak jan itzazu. Ez gehiegi jan.
4. Lasaitasuna. Utzi alde batera zaratak.
5. Ura, zukua eta kafea edan.
6. Gorputza garbitzeko, bikarbonatoa hartzea ere ez zaizu gaizki etorriko.

EAEko zenbat gaztek hartu dituzte inoiz droga hauek?


Heroina    %0,6
Aluzinogenoak (tripiak...)    %7,4
Kokaina    %7,8
Extasia    %8
Anfetaminak (speeda...)    %14,5
Kalamua (haxixa edo marihuana)    %54