'Jai Alai Blues' dokumentala eta solasaldia apirilaren 13an Gasteizen

'Jai Alai Blues' dokumentala eta solasaldia apirilaren 13an Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jai-alai-blues-dokumentala-eta-solasaldia-apirilaren-13an-gasteizen/@@download/image/jai_alai_blues_1460100186.jpg
2016/04/08
berria
GEU Elkarteak antolatu du zesta puntaren urrezko aroari nahiz ondorengo gainbeherari buruzko ikus-entzunezko honen emanaldia, eta Zigor Etxebarria protagonista zein Felix Espilla ekoizlea ekarriko ditu Oihaneder Euskararen Etxera

‘Begi Belarri’ ikus-entzunezkoen zikloaren baitako hirugarren emanaldia izango da apirilaren 13koa, eta zesta punta izango du protagonista.

Nola izan liteke zesta punta (Jai Alai) bezalako kirol bat hainbat eta hainbat herrialdetara zabaldu izana?
Jai Alai Blues dokumentalak zesta puntaren historiaz hitz egiten du. Enpresariek, jokoaren eta apustuaren arrakastaz baliatuz, kirola sustatu zuten herrialde desberdinetara zabalduz eta sekulako ospea lortuz.
Egipto, Txina, Filipinak, Kuba, Mexiko edo Estatu Batuak Jai Alaien historiaren lekuko izan dira. Herrialde horietan, pilotariak artistatzat hartuak izan ziren eta hedabideek frontoietako nondik norakoen berri eman zuten. Baina urte oparoen distirak ez zuen betirako iraun... Etxebarria eta Espillaren lanak Jai Alairen historia zirraragarria dakar, horretan  aritutako pertsona ospetsuenen bitartez. Izan ere, ugariak dira haien biografien eta Jai Alairen historiaren arteko paralelismoak: hasiera apalak; arrakasta handiak mundu osoan, publiko agurgarriz betetako frontoietan; identitatearen galera, joko tradizional bat guztiz bestelako balioak dituzten gizarteetara egokitzerakoan…

Proiekzioaren ostean, horretaz guztiaz eta beste hamaika aspektuz Etxebarria nahiz Espillarekin hitz egiteko aukera izango dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzen direnek. Hitzordua: apirilaren 13an, 18:30ean.

Felix Espilla Urizarbarrena: Puntista ohia eta gaur egun Euskadiko Pilota Federazioan lanean dabilena. Jai Alai Blues filman deskribatzen diren azken urteak bete betean bizitakoa. Xisteran hainbat txapelketa irabazitakoa (Bi aldiz Euskadiko Binakako Txapeldun; hiru aldiz Euskadiko Banakako Txapeldun; bi aldiz Espainiako Txapeldun; 1995 urtean Munduko Zesta Txapelketa eta Urrezko Zestaren titulua erdietsi zituen; Estatu batuetan ere hainbat sari eta Txapelketa irabazitakoa).

Zigor Etxebarria Enbeita: 'Jai Alai Blues' filmaren ekoizle eta argazki zuzendaria. Berde Produkzioak Ekoiztetxeko kidea. Jai Alai Blues baino lehenago Amerikanuak film arrakastatsuaren ekoizpenean ere parte hartu zuen. Xisteran aritua, modu profesionalean izan ez bada ere eta kirol honen zaletu amorratua.