Jagoba Astiazaran: "Zer egin egun egokiak ez diren antzinako letrekin? Testuinguruan jarri eta kontrastatu"

Jagoba Astiazaran: "Zer egin egun egokiak ez diren antzinako letrekin? Testuinguruan jarri eta kontrastatu" 'Arineketan' disko berria labetik atera berri dute Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre piano jotzaileak; dantzarako doinu tradizionalak gaurkotu eta hainbat berri sortu dituzte, besteak beste, Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegaren laguntzarekin. Adi, hau ez baita ohiko diskoa; Astiazaranek aurreratu digunez, 'latinarina' ere topatu daiteke! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jagoba-astiazaran-zer-egin-egun-egokiak-ez-diren-antzinako-letrekin-testuinguruan-jarri-eta-kontrastatu/@@download/image/WhatsApp Image 2020-02-19 at 11.42.47.jpeg
2020/06/23
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

'Arineketan' disko berria labetik atera berri dute Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre piano jotzaileak; dantzarako doinu tradizionalak gaurkotu eta hainbat berri sortu dituzte, besteak beste, Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegaren laguntzarekin. Adi, hau ez baita ohiko diskoa; Astiazaranek aurreratu digunez, 'latinarina' ere topatu daiteke!
Jagoba Astiazaran: "Zer egin egun egokiak ez diren antzinako letrekin? Testuinguruan jarri eta kontrastatu"

Urtarrileko GAZTEZULO aldizkarian 'Labean' atalean aipatu genuen 'Arineketan' diskoa; hartu al du egoste puntu egokia?

Dena egina dago! Uztailaren hasierarako esku artean egotea espero dugu. Koarentenaren harira gauzak apur bat atzeratu diren arren, dagoeneko martxan gaude berriz ere, eta zuzeneko kontzertuak ematen hastea espero dugu iraila aldera, gure diskoak ez baitu zentzurik kontzerturik gabe, dantzaririk gabe...

Dantzarako diskoa da Iñarrek eta biok osatu duzuena?

Dantza tradizionaleko doinuak eguneratu ditugu, eta berriak sortu ere. Guztira 12 kantu bildu ditugu (13.a bromatxo bat da; azkenak 'kale' izena du, eta propinatxoak 'bale'). Aspalditik nabaritu genuen dantzaren munduan doinu berrien beharra zutela, eta ideia horri tiraka hasi genuen proiektu hau. Juan Inazio Iztuetaren XIX. mendeko bilduma batean jasotako doinuei tiraka, fandangoa, arin-arina, zortzikoa, agurra eta bestelako doinu tradizionalak oinarri dituzten abestiak bildu ditugu, sorkuntza garaikideekin uztartuz.

Zergatik behar du dantzaren munduak doinuen berrikuntza hori?

Sastrek eta biok askotan jo izan dugu dantza taldeentzat, Alur dantza taldearekin adibidez, eta ikusten genuen emanaldietan ukitu gaurkotu bat emateko kanpoko doinuetara jotzen zutela, Irlandako doinuak kasu. Euskal Herriko doinu tradizionalak gaurkotzea pentsatu genuen orduan; zergatik ez, adibidez, 'Arin-arin' latinoa sortu? Edo pop, jazz doinuekin jolastu? Horixe egin dugu disko honetan, musikarekin jolastu.

Igandean 'Haurrak lotaratzeko soinua' bideoklipa estreinatu zenuten aurrerapen gisa; bideoa konfinamenduan grabatu zenuten, nola?

Haurdun zeuden edo haurra izan berri zuten lagun eta gertukoengana jo genuen; oso prozesu polita eta berezia izan zen! Eskatu genien gauza bakarra izan zen irudimenari eraginez beren burua grabatu zezatela, abestia eta doinua ezagutu gabe. Ondoren haiek bidalitako irudiak lotu genituen, eta hortxe emaitza. Bideo berezia da, diskoan parte hartu dutenen haurrak agertzen direlako besteak beste, adibidez Iban Casado txelo jotzailearen haur jaio berria...

Letrak atentzioa deitzen du, 'Aita gaiztoa tabernan da, pikaro jokalaria...' zer egin egun oso egokiak ez diren antzinako letrekin?

Hiru gauza egin daitezke; berriz ez kantatu (gu ez gara horren aldekoak; kantu hau oso polita eta berreskuratu beharrekoa dela iruditzen zitzaigun); letra aldatu (kasu honetan 2 esaldi labur izanda, abesti berri bat egitea bezalakoa litzateke); eta azkena, testuinguruan jarri eta kontrastatu. Hori izan da gure hautua; zehazki, abesti hau duela 200 urte jaso zen (ez dakigu noiz sortua den). Kantu zahar bat dela ulertu behar da, garaian sortua, ez egun; eta behin hori ulertuta, guk irudiekin jolastu dugu, aita gaiztoa aipatzen duen bakoitzean aiten eta beren seme-alaben irudiak erakutsiz.

Eta nolakoak dira diskoan topatuko ditugun gainontzeko kantak?

Erdia doinu tradizionaletik ekarritako abestiak dira, eta beste erdia guk sortutako doinuak. Adibidez, 'Belauntxingoa' izeneko kantu tradizionala berreskuratu dugu; Iztuetak jaso zuen duela 200 urte eta oso egokia iruditu zaigu, dagoeneko ia lurperatuta egon arren oraindik plazara dantzan atera nahi duen kantuaz hitz egiten duelako letrak. Guk sortu ditugunak letrarik gabeak dira, oso alaiak; diskoaren kolorea oso dibertigarria da, jolasteko eta ondo pasatzeko osatua, tradizioaren eta klasikoaren seriotasunetik urruti.

Orduan, zuen diskoa ez da soilik dantzarientzat?

Ez! Denontzat egin dugu disko hau; jende gazteak parte hartu du, eta jazz edo pop doinuekin jolastu dugu, hortxe ditugu Ortega eta Elorrietaren ahotsak ere... Iñar eta biok argi genuen gure egunerokotasuna den klasikotasunetik eta seriotasunetik aldendu nahi genuela, lan alai eta dibertigarria egiteko. Ez da batere purua sortu dugun musika; entzuleek ez dute musika tradizionalik entzungo, hori aitzakia besterik ez da izan, oso bertsio librea osatu dugulako. Adibidez, entzungo dute txistu bat fandangoa jotzen, bana ez da fandango tradizionala izango.

Koronabirusaren krisiak ezbaian utzi du kulturaren mundua; nola ikusten duzue etorkizuna?

Orain arte hartu diren neurriak ekonomia berpizteko izan dira, eta denok dakigunez, kultura ez dute sekula lotu ekonomiarekin, ez dago bultzatzeko interes nahikorik. Dena den, pentsatu nahi dut itxialdiak balioan jarri duela kultura, eta behintzat publikoak babestuko duela, kontzertuetara joanez eta artisten lana bultzatuz.