Jack London: Abentura zaleen idazlea:

Jack London: Abentura zaleen idazlea: https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jack London: Abentura zaleen idazlea:
Ezinbestean, abenturarekin lotzen dugu: Alaska izoztua eta Letagin Zuri, Kaliforniako ametsa… Baina epopeia horiek baino askoz gehiago izan zen Jack London; hainbat arlotan, bere garaiari aurrea hartzen jakin zuen gizona izan zen.
John Griffith London 1876an jaio zen, San Frantzisko hirian. Oso gaztetan hasi zen lanean, eta beraz, eskolara apenas joan gabe ikasi zuen idazten. Dena den, idazle ospetsuen lanak irakurtzea gustatzen zitzaion, eta anbizio handiko gizona zenez, gailurrera iritsi zen.
"Gizakiaren eginkizuna bizitzea da, ez existitzea. Ez ditut nire egunak egun horiek luzatzeko saiakera antzuan galduko; nire denbora aprobetxatuko dut", zioen Jack Londonek. Eta baita egin ere: Londonek ongi aprobetxatu zituen bere bizitzako 40 urteak. Bidaiari porrokatua izan zen, eta berak izandako abenturak profitatu zituen ipuinak eta liburuak idazteko.
1897ko neguan, Alaskako urre meatzetan aritu zen lanean, eta gorriak ikusi zituen. Bizipen haietan oinarrituta idatzi zituen lehen nobela ospetsuak: "The call of the wild" eta "The gold rush", besteak beste. Dena den, Alaskakoa ez zen Londonen abentura bakarra izan. Besteak beste, ostra biltzaile pirata gisa irabazi zituen sosak, eta marinel ibili zen Japoniako kostan.
Langile porrokatua zen London. Egunean laupabost ordutan besterik ez zuen lo egiten. Goizero, gutxienez, 1.000 hitz idaztera behartzen zuen bere burua. Urtearen buruan, hamar mila gutun inguru jasotzen zituen, eta horiek ere erantzun behar zituen. Bestalde, bidaiatu ere egiten zuen: behin 27 hilabete pasatu zituen bidaia batean.
Sozialista pentsamoldez
Diziplina horrekin soilik lor daiteke, Londonek bezala, 16 urtetan 50 liburu baino gehiago idaztea. Beharbada, guztietan famatuenak, "The call of the wild" (1903), "White fang" (1906) edo "Martin Eden" (1909) nobela autobiografikoa izan ziren. Euskarara itzulita daude nobela haietako batzuk: "Piraten ibilaldia" eta "Letagin zuri", adibidez.
Zinean ere muturra sartu zuen Londonek; bera izan zen mundu horretan parte hartzen hasi zen lehen idazleetako bat. Pentsamoldean sozialista zen Jack London, eta behin, 20 urte zituela, atxilotu egin zuten sozialismoari buruzko hitzaldi bat emateagatik. Emakumeen bozka eskubidea ere defendatzen zuen, eta bere idatzietan izaera gogorreko emakumeak agertzen dira maiz. XXI. mendeko begiekin irakurrita ere, zirraragarria izaten jarraitzen du Jack Londonek.