JABETZE KULTURALA: INSPIRAZIOA ALA LAPURRETA?

Azken inauterietan indioz edo bestelako etnia minoritario batez mozorrotu zinen? Bada jakin zurea ez den kultura batez jabetu zinela. Zer da baina jabetze kulturala? Hiztegiak ematen duen definizioak honakoa dio; kultura batez jabetzen gara gurea ez den kultura bateko ezaugarriak geure egiten ditugunean. Orduan, mexikarra ez den norbaitek burrito bat jaterakoan bere kulturaz jabetzen da? Noski ezetz! Azalpena ez da horren sinplea; hain zuzen, nagusi den kultura bateko kide batek kultura minoritario eta zapalduen ezaugarriak bere egiten dituenean, botere dinamika bat jartzen du martxan, gutxietsia izan den zerbait testuingurutik atera eta bereganatuz.
Beste kulturekiko ezagutza mailaz ezer gutxi esaten du bere esanahia ezagutu gabe tatuaje tribal maori bat egiten duenak, edota geishaz jantzi eta txinatarrez doala uste duenak, edo henna tatuaje bat egin eta jarraian “mairu nazkagarriak” dioenak.
Hala, kultura minoritario horretako kideak oraindik ere arbuiatuagoak sentitzen dira kultura dominante bateko norbaitek beren izaeraren elementuak “lapurtzen” dituenean; adibidez, pertsona zuri eta arrazista batek mesprezatzen duen kultura bateko zerbait bereganatzen duenean, honako mezua igortzen du: “Zure gauzak hartu nahi ditut, baina zu ez zaitut gustuko”.
Jabetza kulturalaren definizioa hor legoke beraz; pertsona bat gustuko izan ez arren eta bere izaera eta identitatea errespetatu gabe, bere kultura bereganatzeko eskubidea duzula sentitzea. Askotan, nahi gabe bereganatzen ditugu beste kultura minoritario edo zapalduetako elementuak, geure egiten ditugun ezaugarri horiek norbaiten kulturan esanahi berezia dutela bereizi gabe. Hala, emakume zuriek jatorriz emakume beltzek erabilitako orrazkera edota janzkera tradizionalak janzten dituztenean, beren kulturaz jabetzen direla esan genezake. Izan ere, zer nolako mezua igortzen die emakume eta neska beltzei zuri batek miresmena sortzen duenean beren kulturako elementuak soinean jantzita? Hain zuzen, beltzen janzkera eta orrazkera soilik zuriek janzten dituztenean dela ederra eta miresgarria.
“Lapurreta” horren hamaika adibide aurkitu ditzakegu. Musikaren mundura bagoaz eta rock & roll-aren sortzailea nor izan zen galdetzen badugu, ziur askok Elvis “erregea” izango dutela gogoan; baina inork ezagutzen du ordea Rosetta Tharpe? Rock & roll-a zein blues-a artista beltzek sortu zuten, eta Tharpe rock & roll-aren “ama”-tzat dute adituek. Noski, 50eko hamarkadan ekoizle zuriek ez zuten artista beltzak babesteko asmorik, eta are gutxiago emakume beltzak baziren; horregatik, musika estilo horiek ez zuten munduan arrakastarik izan zuriek bereganatu zituzten arte. Sam Phillips, Elvis deskubritu zuen ekoizleak, honakoa adierazi zuen rock & roll-a komunitate beltzetan zabaltzen hasi zenean: “Soinu beltz hori sortzeko gai den gizon zuri bat aurkituko banu, mila milioi dolar irabaziko nituzke”. Beste modu batera esanda, soinua ona zen negoziorako, ez ordea interpretearen azaleko kolorea.
Egun, antzeko adibideak aurkitu ditzakegu; hain zuzen, munduan horren entzutetsua bihurtu den Rosalia abeslariari antzeko kritika egin diote ijitoek. Rosalia abeslaria ez da ijitoa, eta ez da sekula Andaluzian bizi; Bartzelonan jaiotako neska zuria da. Aldiz, munduan ezaguna bilakatu da jatorriz Andaluziako ijitoek mendeetan landutako doinu eta erritmo flamenkoak erabiliz. Ez hori bakarrik; abestietan, ijitoen adierazpen eta azentua ere imitatzen du. Abeslariak bere burua defendatu du flamenkoak inspiratu duela adieraziz, eta kultur aniztasuna eta elkartrukea defendatuz; baina, ijitoak diren ehunka flamenko abeslari egonik, zergatik izan du nazioarteko arrakasta hain justu ijitoa ez den abeslariak?
PRIBILEGIOAK ETA ESTEREOTIPOAK
Pentsatu dezakezue kulturen arteko elkarbanaketak ikasteko eta elkar ulertu eta errespetatzeko balio duela, eta hala izan beharko luke; baina jabetze kulturalaren fenomenoak ez du kulturen arteko harremana bultzatzen, alderantziz, kultura nagusiak txikia zapaldu eta arbuiatzen du, kultura minoritario horretan sinbologia edo esanahi berezia duten elementu horiek gupidarik gabe testuingurutik atera eta elementu estetiko hutsal bilakatuz. Hala, beste kultura bateko ezaugarriak eskuratzerakoan, norberarena ez den nortasuna bereganatzen da, estereotipoak imitatuz eta nagusitasun kulturalak eskainitako pribilegioak erabiliz.
Fenomeno honen adibide garbia 2013an American Music Awards jaialdian Katy Perry abeslariak egin zuena izan daiteke. Ekitaldi horrek omenaldia egin nahi zion japoniar kulturari, eta Perryk erabat nahasi zituen kontzeptuak; hala, japoniar kultura errespetutik omendu ordez, abeslaria geishaz mozorrotu zen, emakume asiarrei egotzitako estereotipo negatiboak betikotuz. ‘Unconditionally’ abesten zuen bitartean, emakume asiarren irudi okerrena legitimatu zuen, hau da, objektu sexual pasibo eta otzanarena. Perryk mozorro sinpletzat zuena, erabat iraingarria suertatu zen emakume japoniarrentzat.
Beste adibide zabaldu bat yoga praktikatzeko moda izan liteke. Mendebaldean oso modan dago yoga praktikatzea, baina zerikusi eskasa du jatorrizko yogarekin. Hain zuzen, Indian, jatorrizko lurraldean, yoga debekatua egon zen denbora batez, indiarrak “fedegabe arriskutsuak” bihurtzen zituelakoan; dena den, hainbat yogik erresistentzia jarri zuten, aginte britaniarraren errepresioari aurre eginez. Malaysian ere, gobernu musulmana saiatu izan da yoga debekatzen, praktika honek fede musulmanetik aldentzen duelakoan. Yoga beraz, ez da soilik erlaxatzeko ariketa soilen kirola; indiarren kultura eta izaera ordezkatzen duten kultua da.
Adibide hauek aztertu ondoren, ondorioztatu daiteke orokorrean jende zuria dela besteen kulturez jabetzen dena. Hain zuzen, zuriek nahi dutena egiteko askatasun osoa dute, baita kultura minoritarioetako norbanakoek debekatuta izan duten hori ere. Horregatik suertatzen da horren mingarria jabetze kulturala; zurien eskuetan, elementu kultural horiek beren nortasuna galtzen dute, eta aldi berean, zurien nagusitasuna eta pribilegioak bermatzen dituzte, estereotipoak indartzen dira, eta azkenik, kultur elementu horien jatorrizko sortzaileek ez dute inolako ekarpen ekonomikorik bereganatzen.
Azken baieztapen hori ulertzeko baliagarria da Isabel Marant diseinatzailearen inguruan 2015. urtean piztutako polemika. Urte hartan, diseinatzaileak Etoile blusa aurkeztu zuen; blusa hori baina, Mexikoko Santa Maria Tlahuitoltepeceko emakumeek duela 600 urtetik hona eskuz landu izan duten diseinu berekoa zen, kopia perfektu bat. Mexikarrek plagio egitea leporatu zioten, eta bi urte geroago, UNESCOk adierazi zuen diseinu horiek komunitate horren oinordekotza kulturala zirela. Dena den, modaren munduan halako plagioak behin eta berriro gertatzen dira; azkena Carolina Herrera izan da, berriz ere Mexikoko diseinu tradizionalak bere eginez. Horren aurrean, komunitate horiek erabat babesgabe gelditzen dira, beren identitatea arpilatu izan balute bezala.
Orduan, modak ezin al du munduko kulturetan oinarritu eta diseinuekin jolastu zerbait berria berrasmatzeko? Noski baietz; kontua da, inspirazio iturri bezala erabilitako kultura hori errespetatu eta aitortzea. Christian Louboutin zapata marka frantsesak topatu du formula; marka honek Mexicaba izeneko poltsa sortu zuen diseinu azteketan oinarrituz, eta poltsen lantzean Yucataneko artisauek parte hartu zuten. Ondoren, salmenten %10 artisau horiei bideratu zitzaizkien; hala, kulturaz jabetu ordez, elkarkidetza burutu zuten.
JABETZE KULTURALAREN AURKA
Coachella musika jaialdian ilean lumak jartzen dituzten zuriak ez dira jabetze kulturalaz ohartzen; baina halako jokaerek neo-kolonialismoa islatzen dute. Azken finean, arrazismoa bermatzeko bidea da jabetze-kulturala; zinemak ere askotan bermatu du irudi hori, kultura minoritarioak elementu exotiko soilen moduan irudikatuz. Egun oso modan dago Whitewashinga Hollywooden; jatorriz beste arrazetakoak diren pertsonaiak interpretatzeko aktore zuriak aukeratzea da Whitewashinga, eta oraindik ere sarritan egiten da. Arrazoia? Aktore zuri batek pantailan arrakasta handiagoa izango duela pentsatzea.
Horren aurrean hainbat protesta mugimendu sortu dira, #BlackLivesMatter kasu. Mugimendu horrek aktore zurien nagusitasuna salatzen du, aniztasuna eskatuz. Geroz eta gehiago dira bere arrazakoak ez diren pertsonaiak interpretatzeari uko egiten hasi diren aktoreak; azken kasu aipagarriena Ed Skrein aktorearena da; Hellboy filmean parte hartzeari uko egin berri dio, bere pertsonaia jatorrian asiarra delako. Dena den, asko dira Whitewashinga egitea leporatu zaien aktoreak. Kasu ezagunenak hauek dira: Ben Affleck Argo filmean (Tony Mendez mexikar-italo-amerikar agentearen rola egin zuen); Emma Stone Aloha filmean (jatorri txinatarra eta hawaiarra zuen pertsonaia interpretatu zuen); Jennifer Connelly A Beautiful Mind filmean (John Nash matematikariaren emaztea eta fisikaria El Salvadorrekoa zen); Rooney Mara Pan filmean (Joe Wrighten Peter Pan ipuineko Tiger Lily amerikar natiboa zen); Angelina Jolie A Mighty Hear filmean (Mariane Pearl pertsonaia frantsesa eta afro-kubatarra zen).
Jabetze kulturalaren afera azalean dirudiena baino larriagoa da, kultur minoritarioen zapalkuntza eta gutxiestea bermatzen duelako. Dena den, neurriak hartzen hasi dira hainbat komunitate; hala, 189 herrialdetako komunitate indigenek arazoa salatu dute Genevako Jabetza Intelektualaren Nazioarteko Elkartean. Konponbidea? Komunitate horientzat, kultur ondarea legez babestea litzateke, “lapurreta” baten kasuan, aurre egiteko tresna legalak izateko. Bitartean, gutako bakoitzak inguruko kulturak artatzeko dituen ohituren inguruan hausnartzea ez legoke lekuz kanpo.