Izpiritu herrikoi eta postmodernoa uztartuz, JazpanArt!

Izpiritu herrikoi eta postmodernoa uztartuz, JazpanArt! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izpiritu-herrikoi-eta-postmodernoa-uztartuz-jazpanart/@@download/image/2012838279jazpanart_kartela_osoa.jpg
2012/12/13
berria
Izpiritu herrikoi eta postmodernoa uztartuz, JazpanArt!
Aurtengoan Jazpanak Festibalaren 4. edizioa egingo dute Beasainen. Jaialdiaren izpiritu herrikoi eta postmodernoa biltzeko, gainera, JazpanArt! erakusketa antolatu nahi dute lehen aldiz, eta horretarako zure laguntza behar dute. Edonork har dezake parte, behar den bakarra Rural Postmodern art delako hori islatzen duen argazki, margolan, performance... bat aurkeztea da.

Jaialdiarekin harremanetan dagoen guztia bezalaxe, baserri giroa eta modernitatea batu nahi dituzte aurten JazpanArt! erakusketa  aitzindarian. Beasaingo Igartzako Jauregian jarriko dituzte lanak urriaren 21etik 26ra. Artista herrikoiek postmodernitatea nola barneratu duten erakusteko balioko duelakoan daude antolatzaileak.

Edonork har dezake parte erakusketan, baina bakoitzak bi lan besterik ezingo ditu aurkeztu. Entrega epea urriaren 2ra bitarte izango da zabalik, eta denetariko lanak onartuko dituzte: argazkiak, margolanak, eskulturak, performanceak, bideo-arteak, moda lanak, land-artak… Denak izango dira ongietorriak.

Noski, guzti horiek Igartzako Jauregian aurkeztea ez da lan makala izango, eta horretarako, parte hartzaile bakoitzak behar duen guztia erabat kontrolaturik izan beharko du.

Baserri giroa eta indie-rock musika uztartzen dituen jaialdiaren baitan, ekimen berritzaile eta irekia izango da JazpanArt! erakusketa, herritar orori bere ekarpena egiteko aukera ematen diona.

Parte hartzeko


Zer: Lanaren ikus-entzunezko erregistro bat prestatu behar da (lana estatikoa bada, ordea, argazki bat), eta deskribapen batekin batera PDF formatuan bidali.
Nora: ekintzak@jazpana.com helbidera.
Noiz: Urriaren 2a baino lehen.
Atxiki beharrekoa: Egilearen izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia.