Izotzetako antiheroia

Izotzetako antiheroia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/09/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Izotzetako antiheroia
Momentuko aktore suediarrik nazioartekoenaz pentsatzen jarrita, baliteke zango luze, ile hori leun eta begi urdindun aktorea irudikatzea. Duela 35 urte, baina, bira baten erdian Nina Norén aktorearekin pasiozko gauak izan zituena ez zen Europe taldeko abeslari Joey Tempest izan, Rogelio Dabargos Durán flamenko kantari espainiarra baizik.


Ez zen ijito ezkontzarik izan, ordea, eta buruan aitaren irudi lauso bat baino ez zuela, Islandiara eraman zuten bizitzera bost urteko Noomi txikia amak eta aitaordeak.

Zortzi urtetxorekin, film mutu batean agertzeko aukeratu zuten. Orduan sartu zitzaion harra, eta hamabost urterekin Stocholmeko Antzerki Eskolara joan zen aktore ikasketak burutzera. Nancy Spungen punk ikonoaren bikia itxuran, klaseetan jasotakoa etxean errepasatu, landu, barneratzen zuen serio, amak hartutako bidea jarraitzeko asmoz.

Suediar telebistan egin zuen debut profesionala, Tre Kronor telesail ezagunean. Eta ostean etorri ziren gure aretoetara heldu ez diren hainbat film. 2007an baina, Daisy Diamond (2007) drama gogorrak ekarri zuen Zinemaldira. Eta Donostian gutxi batzuk ikusi ahal izan bazuten ere, bi urte geroago, mundu guztiaren ahotan ibili zen. Liburuak irakurri ala ez, Stieg Larssonen antiheroi punk-hacker Lisbeth Salanderri aurpegia jartzeko beharra guztiok sentitu genuen.

Salanderren bertsio amerikarturako Rooney Mara aukeratu zuen David Fincherrek, baina horrek ez zizkion Hollywodeko ateak itxi Rapaceri. Robert Downey Jr. Holmes eta Jude Law Watsonen bigarren abenturan (2011) Simza izeneko igarle ijito borrokalaria izan zen, Sigourney Weaverren lekua hartu zuen Alien sagaren aurrekari Prometheusen (2012) eta Brian de Palmaren esanetara aritu zen Passion (2012) ilunean. Eskandinabiako hotzetik etorria da XXI. mendeko antiheroi berria. Datorren hilean estreinatuko ditu The Drop eta Child 44, biak boladan dagoen Tom Hardy mutil gaiztoaren alboan.

Noomi Rapace


IZENA: Hilda Noomi Norén.
JAIOTEGUNA: 1979-12-28.
JAIOLEKUA: Hudiksvall (Suedia).
FILM MAITEENA: True Romance (Tony Scott, 1993).
AKTORE MAITEENA: Anne Parillaud.
LAGUNIK ONENA: Robert Hoffman aktorea.
MAITE DU: Akzio eszenak errodatzea.
GORROTO DITU: Castingak.