Izkin egiozu marroiari

Izkin egiozu marroiari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izkin-egiozu-marroiari/@@download/image/12p23-1_1370952844.jpg
2001/10/05
erreportajea
Izkin egiozu marroiari
Nork ez du noizbait "marroi" bat edo beste hartu? Lantokian, lagun koadrilan, ikastolan, etxean, talde edo erakunde batean… Leku askotan egin behar izaten ditugu lan zail edo nekagarriak, edo besterik gabe, gustuko ez ditugunak. Izan ere, zer da marroia? Zaila da azaltzen, oso kontzeptu subjektiboa baita. Dena dela, marroiak gorroto ditugu. Horrexegatik, onena marroietatik ihes egitea  da. Hona hemen zenbait aholku.

Hamaika aitzakia. Marroirik ez jateko biderik errazena eta erabiliena da, dudarik gabe. Bi hitzetan dago gakoa: "ezin dut". Zergatik? Hemen norberaren irudimena sartzen da jokoan: "haurrak zaindu behar ditut", "aitona gaixo dago", "beste lan bat egin behar dut"…

Ezjakinarena egin ezazu… Edo tontoarena. Oso taktika ona da. Zein marroi mota egin behar duzun azaltzen ari direnean, honelakoak esan behar dituzu: "Baina, baina… zer egin behar da?", "Ez dut ezer ulertzen"… Tontoa zarela pentsatuko dute, baina inor baino azkarragoa zara, agian marroia gainetik kenduko dizute eta.
Beti lanpetuta omen zaude. Betiko galdera: "libre al zaude?". Ez, zuk beti oso lanpetuta zaudela esan behar duzu.

Ez omen zara batere trebea. Besteek oso argi izan behar dute zu ez zarela egokiena hau edo beste hura egiteko. Horretarako, zerbait egiten ari zarenean, marroiren bat esaterako, etzazu azkar edo ondoegi egin. Hurrengoan ez dizute ezer egitea eskatuko. Eta, jakina, jendea behar bada, etzazu inoiz zure burua eskaini.  

Ezetz esaten ikasi. Beti baietz esanez gero, marroiak jateko sekulako aukera duzu. Noiz edo noiz "ez!" esatea baliagarria izan daiteke geroan marroiak uxatzeko.   Zuk ere marroiak sar itzazu. Norbaitek marroiren bat sartu badizu, hurrengo marroi banaketan, ahal baduzu, sar iezaiozu berari. Horrela ikasiko du zer den gaizki pasatzea! Arriskua badago, ordea: biok elkarri marroi sartze lehiaketa ero batean hastea.