Izaskun Igoak irabazi du Donostia Kultura V. Poesia Lehiaketa
Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren V. edizioaren sari banaketa egin zuten astelehenean, Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan, eta bertan jakinarazi zen edizioko irabazlearen izena. Aurtengo saritua Izaskun Igoa Jaimerena izan da (Ziga, 1995), Hotza bazkatzen poema bildumagatik.
Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda idazleek osatu dute epaimahaia, eta euren arabera, Hotza bazkatzen lanak "kontzientzia eta izatea ditu ardatz". "Gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna" erakusten duela nabarmendu dute, "orekari eutsiz eta hunkigarri izanez". Sen poetikoa eta egileak han-hemenka, omenaldi modura, erabili dituen erreferentziak ere goraipatu dituzte.
Saridunak 1.000 euro eta Imanol Larrinagaren margolana jaso ditu. Horretaz gain, Balea Zuria argitaletxeak idazlana argitaratuko du, eta ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan bere poemak errezitatuko ditu.
2020an Igoak aipamen berezia lortu zuen Lurra zango zolaren gainean lanarekin, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan. 2019az geroztik, Ttipi Ttapa aldizkarian aritzen da kolaboratzaile gisa.
Poesiaren eta idazle gazteen sustapena
Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak jarri zuten martxan Donostia Kultura Poesia Lehiaketa, poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. Bigarrena, 2019an, Gorka Salcesek eskuratu zuen Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olaveren Zeldak poema-liburua kaleratu zen. 2020an, Lizar Begoñak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin eta, azkenik, 2021eko irabazlea Maialen Berasategi Catalan izan zen.

