Izaskun Arrue Kulturgunea izango du izena Gasteiz Antzokiak
Gasteiz Antzokiak Izaskun Arrue Kulturgunea izango du izena, euskalduntzearen aitzindaria izan zena omendu nahian. Izan ere, Arrue Arabako lehen andereñoa izan zen, euskarazko irakaskuntzan murgildua, eta hiriko lehen ikastolaren sortzaileetako bat. Emakume "aitzindaria eta ausartzat" jo du hiriko alkateak.
Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, “keinu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiogu Izaskun Arrueri gasteiztarren belaunaldi berriei hizkuntza transmititzeko erakutsi duen konpromisoagatik eta egindako ahaleginagatik. Izaskun Arrue Kulturgunea, ilusioz beteriko azpiegitura hau, euskararen pizgarri izango da Gasteizen".
Izaskun Arrue 60ko hamarkadan iritsi zen Gasteizera, eta Zerkabarren kalean hasi zen irakasle, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urruti. Etxebizitza horretan hasi zen Gasteiz eta Araba euskalduntzen. Ondoren, Arrue Olabide ikastolaren proiektuaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen, Gasteizko eta Arabako lehen ikastola izan zena. Erizaintzan ere aritu zen. Gasteizko Udalak 2016ko Euskararen Nazioarteko Egunean omendu zuen, hil eta gutxira. 2009an Durangoko azokako Argizaiola saria ere jaso zuen Euskal Herriko andereñoen ordezkari.


