Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren 'Bizi' erakusketa jarri dute Leioan

Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren 'Bizi' erakusketa jarri dute Leioan Pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazio horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortutako erakusketa da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izaskun-alonso-mikel-garate-eta-jorge-rubioren-bizi-erakusketa-jarri-dute-leioan/@@download/image/314662552_202210031114535516473_24885.jpeg
2022/10/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazio horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortutako erakusketa da.
Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren 'Bizi' erakusketa jarri dute Leioan

Bosteko erakusketaren hogeita bosgarren edizioaren barruan sartzen da Bizi erakusketa ibiltaria, eta Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972) EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleek hartu dute parte bertan. Erakusketako obrak hainbat eratakoak dira; pintura, espazioan egindako esku-hartzeak, argazkiak eta gizakientzako babesleku txiki bat ere badira. 

Bosteko erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko imajinarioa sortzen da. Erakusketa honetan "pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazioaz nola jabetzen garen" aztertu dute hiru artistek. "Espazioaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, gure existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten espazioak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko", azaldu dute.

Erakusketa ibiltaria urriaren 24ra arte arte egongo da Leioan, eta hurrengo geralekua Getxo izango da, urriaren 27tik azaroaren 17ra. Amorebieta-Etxanok azaroaren 21etik abenduaren 12ra hartuko du erakusketa, eta Arrigorriagak, berriz, 2022ko abenduaren 15etik 2023ko urtarrilaren 8ra.