Izarren akademia berria

Izarren akademia berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izarren-akademia-berria/@@download/image/16p43-1_1370458943.jpg
2002/02/01
erreportajea
Amets Arzallus
Izarren akademia berria


Frantziako telebistaren konstelazioan izan berri bat jaio da. "Star Academy" lehiaketan, dozena bat "izargai" sartu ziren gaztelu itxi batean joan den urrian. Hiru hilabetetan izar bilakatzeko beharrezkoak diren frogak egin dituzte, eta bakar bat atera da garaile: Mario.

Egia erran, Frantzian biziki aise da izar bilakatzea. TF1-k akademia bat ireki du izar bilakatu nahi duen ororentzat. Kantatzen amiñi bat jakin, eta gerria harat-honat mugitzea aski da zerura joateko. Eta garrantzitsuena dena: Frantzia guztiaren aitzinean barregarri geratzeko, eta sekulako ahalgea biltzeko ez da beldurrik ukan behar. Hori frogatu dute "Star Academy-n" sartu lehiakideek. Orain dantzatu, orain kantatu, gero bertze lehiakide batekin musuka hasi... Izar bilakatzea merezitua dutenetz ez dakit, baina ontsa frogatu dute koefiziente intelektuala ez dutela sobera gora. Bertzenaz, ohartuko ziren horrelako zeru batean izar izan baino, hobe dela infernura joan.

Larriena da Frantzia guztia hiru hilabetez zeruari beha egon dela. Sekulan ez du honelako zozokeria batek hainbertze audientzia ukan. Edo agian Loft Story-k... Zernahi gisaz ere, biekin berdintsu gertatu da. Orduan Loanna, eta oraingoan Mario hiru hilabetez kamera aitzinean zoroarena egin eta jendearentzat izar handi bilakatu dira. Egia erran, Frantzian, zerua ez da biziki kario. Nahi duenak, sinesten segi.

Euskal Telebista eurotuta



“Zenbat pezeta dira sei euro?”. Nork ez ote du ikusi Epi panpina Euskal Telebistan lezioak ematen. Kokoteraino gauzka. Egunean berrogei aldiz errepikatzen dute iragarki bera: “Zenbat pezeta dira nik ez dakit zenbat euro?” Eta iragarki bukaeran, nola ez : “Eusko Jaurlaritzak eskainitako aholkua”. Mesedez, Epi, ez gara hain tontoak. Eta Eusko Jaurlaritzan ez badute oraindik kontatzen ikasi, ez da gure errua. Oparitu iezaiezu kalkulagailu bat, Teletiendan erosita, Blasen laguntzarekin.

Iparraldearen oren berria



Azkenean, ETBk Ipar Euskal Herriko albistegiari ordutegi duina eskaini dio. Lehenago arratsaldeko edozein orenetan eskaintzen zuen informatiboari, orain zortzi orenak eta hogeita bortzetan egin dio lekua, Gaur Egunen aitzinetik. Gutienez, Hegoaldeko jendeak jakinen du orain Iparraldean ere zerbait gertatzen dela. Eta ohartuko da Hegoaldeko ordua eta Iparraldeko orena berdinak direla.