Izarren aitarentzat 28 urteko zigorra

Espetxe zigorraz gain, urruntze agindua ere ezarri dio auzitegiak Messinezisi: 37 urtez ezin izango du alabarengana, Majarenasengana eta haien senideengana gerturatu. Izarren zaintza ere kendu dio.
Valentziako Probintzia Auzitegiak epaitu du Stylanos Messinezis: fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko kartzelaldia zuten eskatua, eta azkenean epaileek 28 urtekoa ezarri diote. Bi dira egotzi dizkioten delituak: Izar alaba hiltzen saiatzea eta Sara Majarenas amari (euskal preso ohia) lesio psikikoak eragitea.
2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa; haurra amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek. Bost ebakuntza egin behar izan zizkioten haurrari.