Izaroren kontzertua eta Gaztea Maketa Lehiaketari buruzko dokumentala gaur gauean ETB1en
Gaztearen bueltakoa izango da gaurko gaua ETB1en. Izaro Andresen kontzertuarekin hasiko da musikaz betetako emisioa. Musikari mallabiarrak Gaztea 303030 egitasmo bereziaren baitan eskainitako emanaldia izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Iker Lauroba eta Garazi Esnaola musikariekin eta abesbatza batekin aritu zen Donostiako San Telmo museoan martxoaren 1ean.
Ondoren, 23:30ean, Gaztea Maketa Lehiaketak 30 urte dokumentala eskainiko dute. Ainhoa Vitoriak aurkeztutako ikus-entzunezkoak Maketa Lehiaketaren 30 urte hauetako edizio ezberdinetan zehar bidaiatuko du, "irudien errepaso dibertigarriarekin". 1991an antolatu zen lehen aldiz Maketa Lehiaketa, eta ondorengo hamarkadak oso oparoak izan ziren euskaraz sorturiko musika gaztearen eszenan. Antolatzaileen hitzetan, "Maketa Lehiaketa urte guzti hauetan gertatutakoaren lekuko eta bultzatzaile nagusietakoa izan da, eta asko izan dira Maketa Lehiaketan nabarmendu ondoren, musika ibilbide arrakastatsua izan duten talde eta abeslariak".
Gaueko 22:30etik aurrera izango da, beraz, musikaz gozatzeko aukera ETB1 katean edota eitb.eus helbidean.


