Izarok 'Cerodenero' bira itxiko duen kontzertu berezia emango du 2025ean, BEC-en

Izarok 'Cerodenero' bira itxiko duen kontzertu berezia emango du 2025ean, BEC-en Kontzertua maiatzaren 31n izango da eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, goizeko 9:00etan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izarok-cerodenero-bira-itxiko-duen-kontzertu-berezia-emango-du-2025ean-bec-en/@@download/image/GP2iQt9WkAE79sy.jpeg
2024/07/16
Kontzertua maiatzaren 31n izango da eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, goizeko 9:00etan.
Izarok 'Cerodenero' bira itxiko duen kontzertu berezia emango du 2025ean, BEC-en

Izaro musikariak BECen itxiko du, 2025ean, Cerodenero diskoaren bira. Kontzertu berezia izango dela iragarri du artistak eta maiatzaren 31n, larunbata, izango da hitzordua. "Bistak ederrak izaten ari dira gailurretik. Nire bizitzako bira kuttuna, ez dakit sekula horrelakorik egin ahalko dudan berriro", adierazi du Izarok sare sozialetan.

Egun horretarako ikuskizun berezia diseinatzen ari dira, "gonbidatu eta sorpresa ugarirekin". 2022an eta 2023an Anoetako Belodromoan eta Circo Price Antzokian eskainitako emanaldietan, Amaral, Zahara, Xoel López, Valeria Castro eta Eñaut Elorrieta artistak izan ziren gonbidatuak, eta "berriro ere harritu egingo gaituela" aurreratu dute. Lehen bi artista gonbidatuen berri eman dute dagoeneko: Olatz Salvador eta Baiuca.

Birako azken kontzertu berezi honetan artista gonbidatu bat arituko da zortzietatik aurrera, eta bederatzietan hasiko da Izaroren kontzertua, hainbat musikarirekin batera. Ateak arratsaldeko zazpietan zabalduko dituztela jakinarazi dute.

Izarok Donostiako Kursaalen eta Bilboko Euskaldunan eman ditu kontzertuak Cerodenero biraren barruan, eta kanpoko hainbat hiritan ere eskaini du bere ikuskizuna, hala nola Bartzelonan, Gijonen, Dallasen, Austinen, Bogotan eta New Yorken. Uztailera arte Espainiako Estatuko eta nazioarteko jaialdi bakan batzuetan izango da eta 2025eko maiatzaren 31ko kontzertu bereziarekin errematatuko du bira. Behin bira amaituta, itzulera zehatzik gabeko atsedenaldia hartuko du.