Izaro uhartearen historia, natura, eta ondare artistikoa biltzen duen erakusketa jarri dute Arrantzaleen Museoan
Izaro: Natura eta Historia erakusketak askotariko piezak barne hartzen ditu, hala nola tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak edo margolanak, eta horien bitartez Izaro uhartearen alderdi desberdinak azaltzen dira, bere hastapenetatik gaur egunera arte.
Uharteko frantziskotarren komentuaren sorreraren 600. urteurrena da erakusketaren ardatza, eta uharteko komentuak iraun zuen 300 urteetan zehar gorde ziren pieza artistiko garrantzitsuenak ikus daitezke bertan. Tartean dira pieza hauek: XVI. mendeko taula flandriarra, San Antonioren mirariei buruzko XVII. mendeko sei taulako multzo bat, aparteko kalitateko bi irudi gotiko edo Izaroko prozesio-gurutzea.
Panelen zati batean uhartearen historia naturala ere agertzen da, bertako flora eta fauna, eta baita uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak ere, mendeetan zehar hondoratu diren hainbat ontzi baitaude bertan.
Uharteko bizimodua, ondare artistikoa, Madalen eguneko jaiaren ospakizuna, eta Izaroren inguruan kultura herrikoian, literaturan eta zineman dagoen iruditeria ere ezagutu daiteke erakusketa bisitatuta.
Datorren urteko martxora arte izango da irekita erakusketa.

