Izar bati eta haren exoplanetari euskarazko izenak jarri zaizkio

Izar bati eta haren exoplanetari euskarazko izenak jarri zaizkio UPV/EHUk egindako proposamena onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak eta Gar eta Su zeruan dira jada. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izar-bati-eta-haren-exoplanetari-euskarazko-izenak-jarri-zaizkio/@@download/image/gar_su_2.jpg
2023/06/01

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

UPV/EHUk egindako proposamena onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak eta Gar eta Su zeruan dira jada.
Izar bati eta haren exoplanetari euskarazko izenak jarri zaizkio

Izar bati eta haren exoplanetari izenak jartzeko 2022. urtearen bukaeran, Nazioarteko Astronomia Batasunak (International Astronomical Union, IAU) James Webb Espazio Teleskopioak behatutako hogei izar-planeta sistemari izenak jartzeko deialdia ireki zuen, eta Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Hizkuntza Indigenen Hamarkadarekin (2022-2032) bat eginez, hizkuntza gutxituei lehentasuna ematea erabaki zuten. 

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak, komunitate astronomikoko hainbat kiderekin batera, Gliese 486 izarrari Gar eta bere inguruko Gliese 486b exoplanetari Su izenak emateko proposamena egin zuen. Estatuko fasea gainditu ondoren, nazioartekora pasatu zen, eta orain IAUk jakinarazi berri du izar eta planeta horiek Gar eta Su izenak eramango dituztela. 

Gar izarrarentzat aukeratu duten izena izan da, gori-gori dagoen gasezko bola delako. Planetarentzat, berriz, Su izena aukeratu dute bere atmosferaren ezaugarriengatik. 

Hain zuzen ere, Gar izarra gugandik 26 argi-urtera dagoen nano gorri bat da, Virgo konstelazioan; Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa da, beraz. Izatez, Gar Eguzkiaren herena da tamainaz eta masaz, eta bere azaleko tenperatura 3.000°C-koa da, gutxi gorabehera. Eguzkiak 5.500°C inguru ditu azalean. 

Su exoplaneta superlur bero bat da; Lurraren masa hirukoizten du ia, nahiz eta bere erradioa Lurrarena baino % 30 handiagoa besterik ez den. Izarraren inguruan duen biraketa oso hurbila eta azkarra da: orbitak 2,5 milioi kilometro inguruko (0,017 unitate astronomikoko) erradioa du eta planetak egun eta erdian soilik osatzen du bira. Orbita txiki horrek 430°C inguruko oreka-tenperaturara darama, Artizarraren azalean topa daitekeen eta beruna urtzeko gai den tenperaturara, hain zuzen. Su 2021. urtean aurkitu zen, NASAren TESS misioa eta, batez ere, Almeriako Calar Altoko Behatokiko CARMENES instrumentua erabiliz. Exoplaneta aurkitu zuen nazioarteko taldean zegoen Jose Antonio Caballero, Madrilgo Astrobiologia Zentroko (CAB, gaztelaniazko siglen arabera) ikertzailea. Caballerok ere bultzatu du Su eta Gar proposamena. 

Izar eta planeta hauei euskarazko izena jartzeko proposamenak talde handi baten atxikimendua jaso du: 33 astronomo profesional, 26 amateur, 25 astronomia-ikasle, 10 zientzia-dibulgatzaile edo -kazetari, 35 hezitzaile eta 50 astronomia zale.



Naiara Barrado Izagirre, Itziar Garate López eta Agustín Sánchez-Lavega, UPV/EHUKo Zientzia Planetarioen Taldeko kideak | Argazkia: Tere Ormazabal.

 

Bestalde, Gar eta Su sistema albiste izan da maiatzaren hasieran, bertan ur lurruna topatu duelako James Webb Espazio Teleskopioak. “Euren arteko gertutasunagatik ez dago argi izarrak edo planetak duen ur lurrun hori. Planetak izango balu, exoplaneta harritsuen artean lehenengoa litzateke atmosfera izaten.

Gar eta Su izenekin batera, Filetdor (WASP-166 izarra) eta Catalineta (haren planeta), Mallorcatik eginiko proposamena ere onartu du IAUk.