Izan zaitez Gazte Ekoliderra!

Izan zaitez Gazte Ekoliderra! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izan-zaitez-gazte-ekoliderra/@@download/image/ekoliderrak_1381476821.jpg
2013/10/11
berria
Inguruarekiko ardura baduzu, eta jasangarritasunaren alde lan egiteko gogotsu bazaude, hauxe duzu aukera: Gazte Ekoliderrak. Azarotik ekainera bitarte egingo dute 5. edizioaren trebakuntza programa, eta azaroaren 4ra bitarte duzu izena emateko epea.


Trebatu + Ekin + Izan. Horiexek Gazte Ekoliderren programaren hiru oinarriak. Kutxa Ekoguneak 2010ean abiatu zuen proiektua, eta aurtengoa egitasmoaren 5. edizioa izango da. Helburu nagusia interes komunak dituzten gazteez osaturiko talde bat jasangarritasunaren alorrean trebatzea da, eta elkarren artean kontaktuan jartzea. Horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko lagunei zuzenduriko 90 orduko ikastaro praktikoa egingo dute azarotik ekainera. Gazteek 30 adituren laguntza izango dute ibilbidean aurrera egin eta bere asmoei forma ematen joateko.

Ondoren, ideietatik proiektu zehatzetara igaroko dira, eta horiek taldeka aterako dituzte aurrera. Ekolider egitasmoak, gainera, gazte aktibo eta motibatuak bilatzen ditu, proiektu ezberdinak gure inguruan txertatzeaz gain, ekolider sarea osatzen lagunduko dutenak, liderra izatea taldean jardutea eta helburu zehatzen alde elkarlanean aritzea baita.

Izena emateko epea azaroaren 4ra bitarte izango da zabalik, eta horretarako helbide honetan sartu eta formularioa bete besterik ez duzu. Izandako lan esperientziak, trebakuntza, boluntariotza lanak, hizkuntzen ezagutza… eta beste hainbat datu barneratu beharko dituzu, eta azaroan kaleratuko dute 5. edizioko partaideen behin betiko zerrenda. Aukeratuek orduan egin beharko dute ikastaroaren ordainketa. Animatu!