Izan zaitez Bilboko blogari!

Izan zaitez Bilboko blogari! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izan-zaitez-bilboko-blogari/@@download/image/bilbloragri_01_1381305128.jpg
2013/10/09
berria
Nontzeberri kultura atariak Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Bilblogari 2013 lehiaketa antolatu du. 15 eta 35 urte bitarteko Bilbotarrei, edota Bilborekin lotura zuzena duten biztanleei zuzendutako egitasmoa da, eta parte hartzeko epea azaroaren 22an itxiko dute.


Euskara, gazteak eta teknologia berriak sustatzeko helburuarekin abiatu dute Bilblogari lehiaketa. Hain zuzen, horren modan dauden blogak izango dira protagonista nagusiak, eta bereziki, haiek hornitzeaz, euskarazko eduki txukunez betetzeaz, eta multimedia baliabideak erabiltzeaz arduratuko diren 15 eta 35 urte bitarteko gazteak. Bilbotarrak behar dute izan, ala Bilborekin nolabaiteko lotura estua dutenak.

Egin beharrekoa oso erraza da: Bilblogari webgunean sartu eta eskatutako datuekin, izen-emate orria bete behar da lehenik. Segidan, parte hartzaileak bere bloga irudikatzeko balioko duen .jpg artxiboa hautatuko du, eta blog bat sortuko honako hiru kategorietako batean: blog pertsonala, taldeko bloga ala blog tematikoa. Nahi adina blog aurkeztu ahal izango dira, baina sekula ez kategoria bat baino gehiago barneratzen dituen blog bakar bat. Hortik aurrera, blogak edukiz betetzea izango da parte hartzaileen egin behar nagusia, eta noski, berau Sarean zabaltzea.

Blogak euskarazkoak behar dute izan, edo gutxienez, hizkuntza nagusi gisa berau erabili behar dute. Epaimahaiak euskara maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna hartuko ditu kontuan blogik onenak hautatzerako orduan.

Sariak
Blogen munduan adituak diren bi pertsonak osatuko dute lehiaketako epaimahaia, eta azaroko azken astean bilduko dira jasotako proposamenen artean txukunenak aukeratzeko. Hala, hiru sari banatuko dituzte, kategoria bakoitzeko bat, eta garaileek 200 euro eskuratuko dituzte.

Egitekoa oso erraza eta interesgarria da, eta Sarean ere zuen txoko pertsonala garatzen lagunduko dizue. Ez aukera galdu!!