'Ixa' webserie bertikala nazioarteko jaialdietan hautatua

Berri onak ospatzeko, "Bertikaletik Mundura" izeneko kanpaina sortu dute instagramean (@ixa.serieaplikazioa). Nazioarteko izendapenekin batera eta ikusle guztiek ulertu ahal izateko helburuz, atalak azpitituluekin egongo dira ikusgai aipatutako sare sozialean. Hasiera batean gazteleraz baino ez dira agertuko, baina, jaialdien datak gerturatu ahala, hizkuntza gehiago gehituko dituzte. Azaroaren 17tik aurrera kaleratuko dituzte 6 atalak, banan-banan.
IXA, mugikorrentzat esklusiboki sortutako lehenengo web-saila da. Formatu bertikalean grabatuta dago bere osotasunean. Euskaraz eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak aurrera atera ahal direla erakutsi nahian ekoiztu dena. Hainbat gai jorratzen ditu IXAk, baina denbora da atalen amua.
Lehenengo denboraldia 6 atalez osatuta dago. Bakoitza “ezleku” ezberdin batean garatzen da. Ezlekuak espazio unibertsalak dira, atenporalak, hauetan pertsonak zenbakietan bihurtzen dira eta nortasuna galtzen dute. Horregatik, atal bakoitza denbora pertzepzio ezberdin batetik azalduta dago, leku bakoitzean denborak ezberdin aurrera egiten duelako.